Baztan Rugby Taldeak zozketa ederra antolatu du

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 30a, 17:00
Zozketa-txartelak bortz eurotan daude salgai web orrialdean. Argazkia: Pello San Millan.

Irabazleak Kubara bi lagunendako bidaia edo Biok Bat tailerreko tresnak izanen ditu aukeran.

Kirol jarduerak bertan behera gelditzeaz gain, urtero antolatu ohi duten gaupasarik ez egiteak «kalte ekonomiko handiak» utzi ditu Baztan errugbi taldean. Izan ere, gaupasa «taldearentzat diru-sarrera garrantzitsuetako bat da». Egoerak eragindako galera ekonomikoei aitzin egiteko, lanean ari dira orain. 

 

Bazkidetze kanpaina eta zozketa
Lehendabiziko pausoa bazkidetze kanpaina abiatzea izan zen. Hala, bazkide-laguntzaile eta bazkide-babesle egiteko gonbidapena luzatu zuten. Laguntzaileek 15 euro eta babesleek 30 ordainduz, hirugarren denboretara joateko aukera eta taldeko materialetan deskontuak eskaini zituzten eta interesa dutenei taldekideekin harremanetan jartzeko deia egin zieten. 

Berriki, bertze pauso bat ere eman dute, zozketa ederra antolatuz. Kubara bi lagunendako bidaia edo Biok bat tailerreko tresnak irabazi ahal izateko zozketa-txartelak paratu dituzte salgai www.brtmenditarrak.eus web orrialdean. Zozketa txartel bakoitza bortz euro ordaindu beharko da eta zozketa ekainaren 27an eginen dute.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun