Fermintxo Larralde

«Gaupasa alde batera utzi beharrak galera ekonomiko handia eragin du Baztan Rugby Taldean»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 30a, 09:30
BRTko jokalaria da Fermin Larralde.

Gaupasa alde batera utzi zuten lehendabizi, denboraldia gero. Baztan Rugby Taldean (BRT) ondorio nabarmenak utzi ditu koronabirusak. «Talde bezala segitzeko zailtasunak» izan ditzaketela jakitun, babesle bila dabiltza. Horretarako, bazkidetze kanpaina abiatu dute, «bazkide laguntzaile eta bazkide babesle» aukerak eskainiz. Trukean, «hirugarren denboretara joateko aukera eta taldeko materialean deskontuak» eskaini dituzte. Dei bat aski da bazkide egiteko eta bazkidez bazkide harrapatuko dute bidea aitzinera egiteko.

Nor da Fermintxo Larralde?
23 urte dituen Elizondoko mutiko arrunt bat.

Zer zaletasun dituzu?
Errugbian edo trinketean palaz ibiltzea. Ehizara joaten naiz eta bertso-eskolan ibili izan naiz baina ordutegiek bat egiten didatenez ez naiz aspaldixkoan agertu. Hala ere, gehienbat lagun artean egotea gustatzen zait, saltsero samarra bainaiz.

Nondik heldu zaizkizu zaletasun horiek?
Pilota, bertsoak eta ehiza ttikitatik gustatu izan zaizkit, errugbia 16 urtetan probatu nuen eta hortik aitzinerat hartu nion gustua.

«BRT niretako bigarren familia bat da zentzu guztietan»

Errugbia azkena, baina akaso haundiena... Noiz hasi zinen Baztan Rugby Taldean (BRT) eta zer eman dizu BRTk zuri?
Duela zortzi urte hasi nintzen BRTn, eta lehenbiziko egunetik arras gustura egon naiz. Niretako bigarren familia bat da zentzu guztietan, arront giro ona dugu gure artean, eta espero dut hala segituko dugula urte luzez.

Aurtengo BRT gaupasa alde batera utzi behar izan duzue… Zer ondorio eragin dizue horrek?
Batetik, galera ekonomiko haundia, gaupasatik ateratzen baitugu urteko aurrekontua, hau betetzen ez bada komeriak… Bertzetik, talde bezala segitzeko zailtasunak.

Galera ekonomikoez harago, koronabirusak zer eragin du BRTn?
Kirol-jarduerak alde batera utzi ditugu, txapelketa guztiak gelditu baitira. Hala ere, egoera honetara ohitu beharko da eta hau akitzen denean lanean segi, taldea aitzinerat ateratzeko.

Denboraldia alde batera gelditu zaizue... Orain artean nola zindoazten?
Txapelketaren bigarren fasean ginen, igoera lortzeko aukerarekin, berdinduta ginelakoz bigarren sailkatuarekin, hala ere oraindik lau partidu genituen aitzinetik, igoera-fasea jokatuz gero bertze bi. Ez dakit txapelketa akituko dugun, Errugbi Federazioak ez digu erabaki honen berri eman. Hala ere guk entrenatzen segituko dugu nahiz eta bakoitzak bere etxean aritu beharko duen.

«Txapelketaren bigarren fasean ginen, igoera lortzeko aukerarekin. Ez dakit txapelketa akituko dugun baina guk entrenatzen segituko dugu»

Egoera ikusita, bazkidetze kanpaina abiatu duzue. Kontaiguzu nola lagun dezaketen herritarrek BRT...
Pertsona helduek bi motatako bazkidetzak dituzte: batetik, bazkide laguntzailea; eta bertzetik, bazkide babeslea. Bazkide laguntzaileak 15€ ordaintzen ditu urtean. Bazkide babesleak, berriz, 30€ ordaintzen ditu urtean eta gaupasako sarrera dohainik izanen du nahi izanez gero. Azkenik, haurrendako bazkidetza dago urtean 5€ ordaintzen dena. Erran beharra dago bazkide hauek hirugarren denboretara joan ahalko direla eta horrez gain taldeak ateratako materialean, arropa adibidez, deskontua izanen luketela. Bazkide egiteko taldeko edozeinekin harremanetan jarri eta hark eginen dizue inongo arazorik gabe.

«Bazkide egiteko taldeko edozeinekin harremanetan jarri behar da»

Jokalariak etxean entrenatzen ari zarete... Nola moldatzen zarete?
Ariketa fisikoa egiten jarraitzen dugu, entrenatzaileak etxean egiteko ariketak bidali zazkigun eta hortan ari gara. Hala ere, taldeko kirola izanik fisikoa egitea baino ez zaigu gelditzen egun hauetan.

Etxealdiak bertsotan aritzeko aukera ez du ezeztatzen... Hori lantzeko aprobetxatzen ari zara?
Egia errateko ez naiz batere aritu bertsotan egun hauetan, etxea txukuntzeko aprobetxatu baitugu, hemendik aitzin ikusiko da...

Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Nire ingurukoak zein lagunak ongi daudela ikusteak.

Amets bat?
Euskal Herri aske eta sozialista batean bizitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun