«Noizbait bertze familia baten trataera izanen duen familia». Hitzez hitz, horixe bera erranez aurkeztu digu Xabier Maritorena Zubietak (Arraioz, 1985) bere familia. Aitzolez, bere bikotekideaz, eta joan den azaroan sortu ziren Intza eta Aiuri alabez ari da. Harro mintzo da osatu duten familiaz, aita izatea «esperientzia ederra» izaten ari delako beretako, eta «libertate falta» sumatu arren, «Aitzolengandik eta nire eta Aitzolen familiengandik» jasotzen dituen «laguntza eta inplikazio ikaragarria» nabarmendu nahi izan ditu. Argi dio «atseden uneak, lan handia, frustrazioak, irriak eta kezkak» tartekatzen dituen honetan, «ez genukeela deusengandik aldatuko».
Dena, ordea, ez da berak desio lukeen bezalakoa. Horregatik erabaki du haurdunaldi subrogatuaren bidez guraso izateko bidean eta ondotik ere topatu dituzten oztopoez solastatzea, garbi eta patxadaz, ahoan bilorik gabe.
Aita izatea amets
Maritorenak eta bere bikotekideak garbi omen zuten guraso izan nahi zutela: «Aitzol eta ni ez ginen 20 urterekin ezagutu. 30 urteren bueltan ginen eta ordurako, bai berak baita nik ere burua asentatua genuen eta bertze gauza anitzen artean, bagenekien nolabait aita izanen ginela».
Amets horri tiraka, «ongi informatuz» eman zuten haurdunaldi subrogatuaren aldeko pausoa. Informazioa jasotzeko lehendabiziko urratsa «gure prozesua bezalakoa egin zuen batekin egotea» izan zen; «Xabier Madariagarekin egon ginen, Bilbon». Lehendabiziko azalpen horiek aditu ondotik, agentzia batzuetara jo zuten, «horietako bat Bartzelonan. Kataluniako erreferendumaren asteburua ederki aprobetxatu genuen», gaineratu du Maritorenak.
Horien gainetik, «Madrilen egindako kongresu bat» izan omen zen «gakoa»: «alde batetik, hainbat herrialdetako egoera esplikatuz hamarnaka agentzia zeuden, baina bertzetik, eta denetan inportanteena, hainbat hitzaldi eskaini zituzten». Guztien artean, arraioztarrak Son nuestros hijos (Gure seme-alabak dira) gestazio subrogatu bidezko familien elkarteko bozeramailearen solasaldia eta «gestazio subrogatua egina zuten emakumeen testigantzak» oroimenean geldituak ditu: «emakume horien bizi-esperientzia izan zen erabaki irmo bat hartzera bulkatu gintuena».

'Familia osatzeko bermea'
Adopzioa, harrera familiak... Guraso izateko izan zitzaketen aukeren artean «haurdunaldi subrogatuaren aukera zen familia osatzeko bermea eskaintzen zigun bakarra», azaldu du Maritorenak. «Lagun batzuek hamar urte bazituzten adopzioan izena emana zutela, eta oraindik ez dute familia osatu. Guk gazterik izan nahi genuen guraso eta familia bat osatuko genuenaren segurtasuna izan nahi genuen».
AEBra begira
Bidea aukeratua zutelarik, ekin zioten hiru urte iraun duen prozesuari. «Gure aukerak bi herrialdetara mugatuta zeuden. Alde batetik, emakumeen eskubideak bermatzen ez dituzten herrialdeen inguruan ez ginen informazio bila hasi ere egin, gure alaba edo semea ez zelako haurdun geldituko zen emakume hori baino baliotsuagoa. Eta bertzetik, herrialde batzuk bikote heterosexualak bakarrik onartzen dituzte. Gizon ezkongabeek ere ez dute aukerarik horrelako prozesu bat egiteko». Hala, Ipar Ameriketara jotzea erabaki zuten. «AEBko erregulazioa 80ko hamarkadan diseinatu zuten eta detailerik ttikiena ere finki analizatua dago».
Berak dioen bezala, «laburki» azaldu digu AEBn nola arautua dagoen haurdunaldi subrogatuaren afera: «emakumea ezin daiteke edozein izan. Aitzinetik bere haurra izan behar du, erditze prozesu baten esperientzia ezagutu behar du. Bere egoera ekonomikoak ona izan behar du eta ezin du prozesu hau diru premiagatik egin. Obuluak ezin du berea izan, lotura genetikorik ez izateko. Psikologoekin hitzorduak izaten dituzte bere egoera emozionala aztertzeko eta azkenik, emakumeak bere mediku historialaren berri eman behar du, osasuntsu dagoela frogatzeko».
Prozesuaren kostu ekonomikoari dagokionez, berriz, «AEBn eta Washingtoneko estatuan 100.000 euroren bueltan» ibiltzen dela aipatu digu: «%60a ospitalearendako da, enbrioia sortzea, transferentzia egitea... Gero hango agentzia eta abokatuen gastuak daude eta bertzetik, haurdunak ia urtebetez egindako esfortzuarengandik konpentsazio bat hartzen du».

Whitney ate joka
Arraioztarrak kontatu digunez, «Ipar Ameriketako estatu gehienetan, emakumeek bertzepertsona batendako haurrak izateko eskubidea aitortuta dute». Hala, Maritorenaren eta bere bikotekidearen kasuan haurduna izan zen ate joka joan zitzaiena: «gure haurdunak, Whitneyk, horrelako prozesu batean parte hartu nahi zuen. Bere familia erabat osatuta zuela argi zuen baina baita familia bat izatea munduko gauzarik ederrenetariko bat dela ere. Bere medioz familia bat osatu ezin zuen pertsona edo bikote batendako haurra edukitzea erabaki zuen, berak bere larruan bizitako emozioa eta zirrara sentitzeko aukera eman nahi zion bertze bati». Horregatik jo zuen agentzia batera: «Gure profila Ameriketako agentzia horretan zegoen eta gure berri irakurri zuenean berehala erabaki zuen guretako haurra sabelean haziko zuela».
Bi aitek Skype bidez ezagutu omen zuten amerikarra eta «berehalako konexioa sortu zen. Ez dakizu zenbateko antza dugun».
Geroztik berarekin izan duten lotura «goxoa» izan dela aitortu digu arraioztarrak: «astean pare bat aldiz Whatsappez mezu luze bat idazten diogu elkarri. Gure alaben eta gure argazki eta bideoak elkarbanatzen ditugu, berak bere seme-alabenak, lagunenak eta lantokikoak bidaltzen dizkigu. Beraien azkena senarrak eta lagun batek egindako karaokea izan zen. Irri eginarazi zigun...».
«Haserrea sortzen didate emakumeez aprobetxatzen garela diotenek»
Gaia sakonki ikertzeko beharra
Lehen urrutiko kontua zena, gaur egun gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da, eta Euskal Herrian gero eta gehiago dira haurdunaldi subrogatuaren bidez sortutako haurrak. Hori bai, atzerrian jaiotako haurrak dira, hemen legez kanpokoa delako: Euskal Herrian, estatu espainiarrean eta estatu frantsesean debekatua dago. Herrialde gutti batzuetan baino ez da legezkoa. Horren harira, gaiaren inguruko «eztabaida sakonak behar direla» uste du arraioztarrak: «grazia egiten dit emakumearen pobrezia justifikatuz haurdunaldi subrogatuaren kontrako iritzia duen pertsona batek. Eta haserrea sortzen dit emakumeez aprobetxatzen garela erraten duten horiek ere». Argi eta garbi dio: «haurdunaldi subrogatuak mundu mailan mila aurpegi ditu. Ados nago herrialde batzuetan praktika hau abolitzearekin, baina bertze estatu anitzetan bermeak daude». Hortik abiatuta «informazioa guztia batu eta solas egiteko» deia luzatu du: «benetako informazioa esku tartean dugunean erabaki dezagun gure herrialderako nahi dugun edo ez».
Zer egina badagoela sinetsita dago Arraiozko aita. «Gaiaren inguruko ustelkeria transmititzen duten albiste anitz aditzen direla» ere kontatu zuen bere garaian TTIPI-TTAPAn eta horixe bera berretsi du orain ere: «komunikabideek morboa sortzen duten gaien inguruan aritzeko behar ikaragarria dute. Albistegi osoa ikus dezakegu bortxaketa, hilketa, lapurreta, istripu eta halakoez bakarrik solastatzen. Salvame bezalako zaborretatik jendeak informazioa barneratzen du edo ezkertiarrak (edo eskuindarrak) diren medioek ere mezu populistak zabaltzen dituzte haurdunaldi subrogatuaren inguruan mintzatzen direnean». Bere irudiko, «horiek denek, izan haurdunaldi subrogatua edo izan bertze gairen baten inguruan, alderik makurrena erakusten dute eta hortik, nola ez, iritzi ezin txarragoak gara ditzake jendarteak».
«Belarrian min egiten dit sabel-alokairua aditzean»
Gaizki-ulertuak hemen
Gizartean eta bereziki gure eskualdean ere «gaia ez dela erabat ongi ulertu» uste du arraioztarrak. Aitortu digunez, «belarrian min» egiten dio «sabel-alokairua» aditzen duenean: «Guk ez genuen emakume bat alokatu, ezta gutiago ere. Whitneyk ez zuen gorputza alokatu eta ez dut onartzen berari buruz horrela solastatzea». Gaineratu duenez, «horregatik erabaki nuen elkarrizketa honetan parte hartzea, nire ekarpena egin nahi nuen». Bere hitzetan, «pertsona bakoitza librea da nahi duena pentsatzeko. Nik nire esperientzia plazaratu dut gaiaren inguruan bakoitzak izan dezakeen iritzian nire aletxoa emateko».
Eta legezkoa ez izatea ezin ulertuz han
Hemen gaia normalizatua ez badago ere, AEBn bertzelakoa da egoera eta horren berri ere eman nahi izan du: «AEBko egonaldian Whitneyren lagunek, barrideek, medikuek eta erizainek Whitneyrenganako miresmena adierazten zuten, guri familia izaten lagunduz zerbait ikaragarria egiten ari zela pentsatzen dutelako». Gehiago ere aitortu digu: «estatu espainiarrean zergatik ez genuen egin galdegiten zigutenean eta guk legez kanpokoa zelako erantzuten genienean, pentsakor gelditzen ziren. Ez zuten ulertzen nola zen posible legezkoa ez izatea. Gu izaten ginen zergatia esplikatzen saiatzen ginenak baina, hala ere, ez zuten ulertzen».
Oztopoak nonahi
Gaia ulertu edo ez ulertzetik haratago, bertzelako oztopoekin ere topo egiten dute haurdunaldi subrogatua aukeratzen dutenek. Gurasotasun baimena, prestazioak... Hor ere pareta parez pare. «Adopzioaren kasuan atzerriko herrialdera joateko ordaindutako hilabeteko baimena duzu. Espainian haurdunaldi subrogatua legez kanpokoa denez, eskubide hori ez duzu aitortua. Pentsa, haurrak sortzear eta zu milaka eta milaka kilometrotara».
Hezkuntza Departamentuan ere ibili zen: «nire borroka hasi nuen. Ate anitz jo nituen baina denak itxi zizkidaten, gutun bat jaso nuen arte saiatu nintzen. Gutunean bide administratiboa erabat itxi zidaten, nire eskaria albo batera gelditu zela adieraziz». Hori aski ez, eta «orain gizarte segurantzarekin bueltaka» dabiltzala kontatu digu: «badira bortz hilabete haurrak sortu zirela eta oraindik ez dugu baimenik kobratu. Ordainduko dute, bai baina traba trabaren gainean aurkitzen dugu».
Politikoei mezua
Ordezkari politikoekin ere kexu dira. Hori izan omen da haurdunaldi subrogatuaren bidez seme-alabak izan dituzten familia gehiagorekin harremanetan jartzeko arrazoia. Maritorenak dioenez, «zoritxarrez» hartu dute bide hori. Izan ere, «aitzineko batean Nafarroako Parlamentuko kide diren ia gehienek astakeria itzelak erran zituzten gure familia ereduaren inguruan. Okerrenak PSNko Nuria Medinaren solasak izan ziren, haurdunaldi subrogatuaren bitartez gu bezalako gurasoei puteroei bezalako jazarpena egin beharko litzaigukeela erran zuen, seinalatuak izan beharko genukeela». Halako adierazpenen ondotik erabaki zuten antolatzea: «bertze guraso batzuekin elkartzen hasi ginen eta parlamenturako bidea hartu genuen».
«Guraso izatea bizitzako erabakirik garrantzitsuena izan da»
Familia bat baino gehiago
Oztopoak oztopo aitzinera begiratzen du Maritorenak eta «guraso izatea gure bizitzako erabakirik garrantzitsuena» izan delako, «gozatu» egin nahi du: «disfrutatu, haserretu, maitatu...», hitz bakarrean, «bizi». Momentu politak oroimenean iltzatuak ditu eta ho- riek betirako gordeko ditu. Ez du ahantzia, erraterako, «alabak mundura etorri zireneko lehenbiziko negarra». Onartu digunez, «oraindik ere begiak malkoz betetzen zaizkit. Orduan barneratu nuen aita naizela».
Eta gehiago ere bai. Prozesu honek guztiak gehiago ere eman die: «Intza eta Aiuri azaroan sortu ziren. Eguberriak Ameriketan pasatu genituen burokrazia pila bati aitzin egin behar izan geniolako. Whitneyk Eguberrietako afaria berarekin batera ospatzeko gonbidapena egin zigun eta guk, nola ez, onartu. Gure Ameriketako etxera bueltatu aitzinetik opari bat egin ziguten, erreportaje honetan erabilitako argazkiekin batera, eskuz egindako koadro bat, mezu batekin. Orain familia gara zioen mezuak eta hori da gu beraiendako garena eta hori da beraiek guretako direna. Bi alabekin bueltatu ginen eta hortaz aparte, orain Ameriketan bertze familia bat dugu».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!