Idoia Sobrino Lopez

«Baliabideak izanez gero, liburutegietan mila gauza egin daitezke baina instituzioek azken tokian uzten gaituzte»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 1a, 08:30

ASNABIko kidea da Idoia Sobrino Lopez.

Idoia SOBRINO LOPEZ Elizondoko liburuzaina

«Gure kultura zaintzea eta gainontzekoen berri ematea». Horixe da Idoia Sobrino Lopezen (Elizondo, 1984) lanbidea. Liburuzaina da eta «munduko lanbiderik politena» duela iruditzen zaio. Dena, ordea, ez da berak nahiko lukeen bezalakoa: «gabezia aunitz daude». Orain, herritarrek liburutegiaren beharra sumatu duten honetan, begiak irekitzeko eta hor daudela ikusarazteko deia egin du: «jendeak liburutegia erabiltzearekin batera, agian agintariren batek horretan diru gehiago inbertitu behar dela ikusiko du».

Noiz eta nolatan erabaki zenuen liburuzain izatea?

Betidanik argi izan dut liburuzaina izan nahi nuela. Ama liburuzaina da eta ttikitatik jakin nuen nik ere kultur dinamizatzailea izan nahi nuela, liburutegi batek eskaintzen duen formatuan: debaldekoa eta adin, genero, klase, arraza, jatorri... guztiendako topalekuak diren hauetan nire aletxoa paratu nahi nuela. Gure kultura zaintzea eta gainontzekoen berri ematea eta denon artean erakutsi eta ikastea ahalbidetzea, hau da, liburuzaina izatea, munduko lanbiderik politena dela iduritzen zait.

«Euskal Herrian oraindik ezin da liburuzain profesionala izateko ikasketarik egin. Aukera eskainiko balitz, gure lan sektoreari ekarpen haundia eginen lioke»

Pentsatzetik egitera… zein izan dira eman dituzun formakuntza-pausoak?

Bada, ezinbertzez, liburuzain izateko unibertsitateko karrera ikastea. Nik ikasi nuenean Bibliotekonomia eta Dokumentazioa deitzen zen. Orain Informazioa eta Dokumentazioa deitzen da, Europan lehenago erabiltzen zen terminologiara hurbilduz (Informazioen Zientziak deitzen zen). Orain denek Boloniako terminologia orokorra erabiltzen dugu. Bueno, “dugu” komatxoen artean, Euskal Herrian oraindik ere ezin baita liburuzain profesionala izateko ikasketarik egin. Nik Bartzelonan ikasi nuen, horrek aldi berean bertze hizkuntza bat ikasteko aukera ematen zidalako. Eta hori ona bada ere, nik nahiagoko nuke hemen ere ikasteko aukera eskainiko balitz, berdin zait EHUn edo NUPen, baina gure lan sektoreari ekarpen haundia eginen lioke eta, beraz, gizartearentzat onuragarria izanen litzateke. Kalitatezko zerbitzu publiko batzuk bermatuko lituzke.

«Erokeria litzateke Gobernuak liburuzainak kontratatzea haurrei eskolak emateko, horren inguruko prestakuntzarik gabe. Aldiz, normalizatua dugu liburuzainekin hori pasatzea»

Hainbat liburutegitan aritu zara lanean… Noiz hasi zinen eta non ibili zara?

Hasi Bartzelonan bertan hasi nintzen, eskola liburuzain bezala. Hemen hobetzekoa dugun bertze alderdi bat: eskola liburutegiak. Legeak erraten du eskola guztietan liburutegi bat egon beharra duela eta Hezkuntza Departamentuaren estatistiken arabera, Nafarroan gaur egun, erdiek ez dute legea betetzen. Eta legea beteta ere, bat berak ere ez dauka liburuzainik. Gehienez jota irakasleren bati tokatzen zaio astean bi ordu liburutegiaz arduratzea. Erokeria litzateke Gobernuak liburuzainak kontratatuko balitu gure haurrei eskolak emateko, horren inguruko prestakuntzarik exijitu gabe eta irakasleak langabezian utziz; aldiz, normalizatua dugu liburuzainekin hori pasatzea.

Eta barkatu, galderara bueltatuz, eskola liburuzain eta gero gainontzeko liburutegi mota guztietan egin dut lan: hiru liburutegi unibertsitariotan, lau liburutegi publikotan eta liburutegi espezializatu batean. Eta dokumentalista bezala ere aritu naiz hainbat lekutan, Euskal Herrian zein atzerrian.

Gaur egun ASNABIko (Nafarroako Liburuzainen Elkartea) lehendakaria zara... Noiztik zara elkarteko kide eta zein dira dituzun ardurak?

ASNABIn karrera hasi nintzenetik nago, beraz elkartea bera sortu eta urte guttira sartu nintzen ni. Elkarteak aurten 25 urte bete ditu, urte berezia ospakizunetarako, pentsatuta genituen jardunaldi profesionalak eta bazkariak momentuz bertan behera gelditu behar izan diren arren.

Zuzendaritza Batzordean hirugarren “legealdia” dut (bi urtez behin izaten dugu bozka), baina azken bi epe hauetan lan egiteko modua aldatu dugu, elkartea parte-hartzaileagoa eginez: Zuzendaritza Batzordea kudeaketa teknikoaz arduratzen da (dirulaguntzak eskatu, kontuak eraman, kideen altak eta bajak kudeatu...) baina dinamizatzeko eta jarduerak egiteko, bai profesionalak zein sozialak, komisioak sortu ditugu: liburutegi mota bakoitzeko komisio bat, IKTen komisioa, prestakuntza komisioa, komisio soziala... Bakoitzaren interes zehatzen arabera komisio batean (edo batzuetan) izena eman dezakete eta elkarteari ekarpen hori egin. Bakoitzak bere alea jarriz, denontzako uzta biltzea dugu helburu.

«Euskarriak agertu ahala liburutegietan toki bat izan dute eta hauen betebeharra ez da aldatu»

Urte horietan guztietan, zertan aldatu da liburutegietako martxa?

Aunitz solas egiten da liburutegiak aldatzen ari direnari buruz eta garai berrietara moldatu behar direnari buruz, izena eta guzti ez ote zaien aldatu behar ere auzitan jartzen ari da! “Liburutegi” beharrean “mediateka”, jada ez daudelako bakarrik liburuak bertan.

Niri honek liburutegien gaineko ezezagutzaren neurriaren maila zenbaterainokoa den bakarrik demostratzen dit... Liburutegiek hamarkada luzeak daramatzate informazioa liburuak soilik ez diren bertze hainbat euskarritan ematen: azkenak aipatzearren, mikrofitxak, mikrofilmak, VHSak, disketeak, DVDak, CDak, ordenagailuak eta onlineko zerbitzu guztiak. Hau da, informazioa euskarri desberdinetan agertu ahala, historia guztian zehar, horrek naturaltasunez toki bat izan du liburutegietan, inoren harridurarik gabe, erran bezala liburutegiak ez direlako “liburuak gordetzeko tokia”, “armairuak” armak gordetzeko tokiak izateari aspaldi utzi zioten bezala, eta ez zaie horregatik izena aldatu. Liburutegien izenak “liburu” hitza dauka bere baitan (bibliotekak “biblio” duen bezala) duela milaka urte informazioa, hau da jakintza eta kultura, liburutegi batek kudeatzen duena, soilik liburuetan argitaratu eta zabaltzen ahal zelako. Baina betidanik euskarri gehiago agertu ahala, liburutegietan toki bat izan dute.

«UPNk asmatutako lege-trikimailu baten ondorioz, Nafarroan ez da liburuzainik kontratatu, liburutegiko arduradunak baizik»

Zer-nolakoa da gaur egun Nafarroako liburutegiek bizi duten egoera?

Nafarroako egoera... tira, konparatzen zarenaren arabera ezta? (irri artean). 80ko eta 90eko hamarkadan arras garai onak bizi izan ziren Nafarroako liburutegien munduan eta liburutegi publiko aunitz ireki ziren, hala nola eskola liburutegiendako Blitz materialak sortu ziren... Garai hartan sortu zen ASNABI ere, 1995ean, eta oraindik karrerak ez bazuen unibertsitateko mailarik, garaiko prestakuntza zeukaten pertsona andana hasi ziren sortzen gaur egun Nafarroako Liburutegien Zerbitzua dena, alde batetik, eta unibertsitateetako liburutegiak, liburutegi espezializatuak etab. bertzetik.

Geroztik, eta batez ere liburutegi publikoetan zentratuz, UPNk asmatutako lege-trikimailu baten ondorioz Nafarroan ez da “liburuzainik” kontratatu, “liburutegiko arduradunak” baizik. Non dagoen aldea? Bada, profesionaltasunean (eta soldatan, noski). Liburuzaina bibliotekonomiari buruzko oinarrizko jakintzak dituen pertsona da, prestakuntza daukana; liburutegiko arduraduna izateko aldiz, batxillergoa edukitzearekin aski da. Azken hau da urte luzeetan, eta oraindik ere, eskatu eta ordaintzen dena. Pertsona horrek boluntarioki liburutegien inguruko prestakuntza gehigarria izatean konfiantza jarri behar da... eta kasu batzuetan gertatzen da baina bertze batzuetan ez...

«Udal liburutegiek baldintza kaskarragoak izaten dituzte, udalendako zailagoa delako liburutegiaren zerbitzu osoa beren gain hartzea»

Eta gure eskualdekoen egoera zertan da? Leitza, Baztan, Doneztebe, Bera…?

Zonaldeko liburutegi publikoek haien artean bereizitasun haundi bat dute: Baztan, Leitza, Lesaka eta Berako liburutegiak Nafarroako Gobernuaren liburutegiak dira, “liburutegi publiko” deitzen direnak eta Nafarroako Liburutegien Sarean daudenak. Doneztebekoa, aldiz, udalarena da, “udal liburutegiak” deitzen zaienetarikoa. Alde nagusia da udal liburutegiek baldintza kaskarragoak izaten dituztela, udalendako zailagoa delako liburutegiaren zerbitzu osoa beren gain hartzea. Nafarroan gehiengoa liburutegi publikoak dira, ia ehun. Eta gutxi batzuk, hogei inguru, udal liburutegiak dira.

Ez dugu atzendu behar ere, “zonaldeko liburutegien” kontzeptuak ere eskola liburutegiei egiten diela erreferentzia, hau da, eskola edo ikastetxe bat dagoen herri bakoitzeko liburutegi horretaz ere ari garela. Hau aipatzea garrantzitsua iduritzen zait liburutegi horiek direlako ikasteko edo etxerako lanak egiteko baliabideak eskaini behar dituztenak eta ez liburutegi publikoek.

«Nafarroako Gobernuko liburutegi publikoei adibidez, murrizketen garaian, aurrekontuaren %93 murriztu zitzaien. Orain poliki-poliki berreskuratzen doaz, baina ez dira krisi aitzineko kopuruetara ailegatu, eta kopuru haiek jada baxuak ziren...»

Dirulaguntza eta babes aldetik, nahikoa jasotzen duzuela iruditzen zaizu?

Kulturarentzat beti dago diru eskasia, nahiz eta berrogeialdi honek erakutsi digun kulturarengatik ez balitz (pelikulak, musika, liburuak, telesailak, antzerkiak...) gure bizitza ulergaitza eta aunitzez ere tristeagoa izanen litzatekeela.

Halere, instituzioek beti azken lekuan uzten gaituzte (pirateoak aunitzetan ere bai)... Baina modu sotilean, ez delako politikoki zuzena erratea liburutegi bat ez duzula babestu behar. Baina hor daude, eskola liburutegiak liburuzainik gabe, liburutegi publikoak liburuzain bakar batekin (bere oporretan ordezkorik izaten ez dutenak, zerbitzu publiko bat pertsona bakar baten menpe utziz...), ordutegi arras murritzekin (eskola liburutegiak eskola orduetatik kanpo beti hetsita, liburutegi publikoak soilik egun erdiz irekita, asteburuan denak hetsita...).

Eta gero materiala, jarduerak, etab. antolatzeko aurrekontuak daude. Nafarroako Gobernuko liburutegi publikoei adibidez, murrizketen garaian, aurrekontuaren %93 murriztu zitzaien. Orain poliki-poliki berreskuratzen doaz, baina ez dira krisi aitzineko kopuruetara ailegatu, eta kopuru haiek jada baxuak ziren...

«Egunean, aunitz jota, ate hetsitan ordu eta erdi izaten du liburuzainak, eta aitzineko eguneko materiala bere tokira bueltatzen bakarrik kasik denbora guzi hori joaten zaio»

Liburuzaina ez da liburutegia ireki eta ixten duena… Hori baino gehiago da…

Bai, hori da, eta aitzineko galderari lotuta dago erantzuna. Aipatutako aurrekontu eta lan horiek guziak antolatzeko denbora behar da eta pertsona bakarra baldin badago lanean, liburutegi publikoen kasuan, edo inor, eskola liburutegien kasuan, eta lan ordu horietatik gehienak jendaurrean badira, etengabeki norbait  artatzen, noiz egiten dira bertze lan horiek?

Material berrien aukeraketa egin, katalogatu, txaplatak eta zigiluak jarri, xahuketarako dokumentuak hautatu, txartelak egin, “morosoen” zerrendak atera eta banan-banan deitu liburutegira bueltatzeko zerbait daukatela gogorarazteko, fakturazioa egin, jardueren kalendarizazioa prestatu, jarduera bakoitza egiteko kontratatu behar den pertsonarekin solastu, herriko gainontzeko kultur elkarte, edo eskola liburuzainekin edo ez badago eskolarekin zuzenean edo udalarekin, kultur etxearekin, komertzialekin, eta abarrekin bilerak egin, liburutegien arteko mailegurako paketeak prestatu, edo jasotakoak kudeatu... Hori dena noiz, nola egiten da?

Egunean, aunitz jota, ate hetsitan ordu eta erdi izaten du liburuzainak, eta aitzineko eguneko materiala bere tokira bueltatzen bakarrik kasik denbora guzi hori joaten zaio. Jendeak uste du arras lan lasaia dugula edo aunitzetan liburutegia hutsik ikusi eta erraten datzute “ze lan gutti duzun gaur”... Arazoa da uste horiekin hainbat pertsona alkate, zinegotzi, parlamentari edo zure nagusi izatera iristen direla...

«Zoritxarrez nahiko ohituratuta gaude kulturarengatik gutti edo deus ez ordaintzera. Aise errexago hartzen ditugu bi kubata CD bat erosi baino»

Zein da liburuzainek eta liburutegiek (euskal) kulturgintzari egiten dioten ekarpena?

Ba erabatekoa. Hori eskola batek zer ekarpen egiten dion hezkuntzari galdetzea bezala da, edo banketxe batek ekonomiari. Liburutegien helburua informazioa, jakintza, kultura kudeatzea da; norbanakoarena babestea eta ezagutzera ematea eta gainontzekoetara leiho bat erekitzea. Horregatik dira garrantzitsuak lehen aipatu ditudan bilerak, inguruarekin elkarlanerako sare bat sortzea, jakintza horiek guztiak bide bat izan dezaten. Gero liburutegian adibidez mila modutan gorpuztu daitezkeenak: dela erosten diren dokumentuen bidez (pelikulak, musika, liburuak, aldizkariak, jolasak... bai paperean zein digitalean, eBiblio, eFilm eta InfoMagazinerako), dela egiten diren jardueren bitartez: bisita gidatuak, hitzaldiak, zine-forumak edo irakurle taldeak, antzerkiak, ipuin kontalariak... dena heldu zein gazte eta haurrentzako, erakusketak, kontzertuak, ikastaroak... Mila gauza egin daitezke liburutegietan baliabide egokiak baldin baditugu. Berez zerbitzu horiek guztiak eskaini beharko lirateke, hori dena baita “liburutegi bat”, baina aunitzez ere guttiagorekin konformatzera erakutsi digute eta jada ez dakigu zer ukatzen ari diguten ere. Nahiz eta zergak dena eskainiko baligute bezala kobratzen dizkiguten. Baina gure diru publiko hori antza bertze nonbait inbertitzen dute...

«Bertan bizi nahi badugu bertako sortzaileak, eragileak, kulturgintza ere babestu behar ditugu»

Apirilean kulturgileek deituriko greba deialdiarekin bat egin zenuen… Zergatik erabaki zenuen grebarekin bat egitea?

Kultura babestea ezinbertzekoa iduritzen zaidalako, kultura legala. Zoritxarrez nahiko ohituratuta gaude kulturarengatik gutti edo deus ez ordaintzera. Aise errexago hartzen ditugu bi kubata CD bat erosi baino, edo spotifyeko kontu premium batengatik ordaindu baino. Edo aise errexago jotzen dugu Amazonen ebook bat erostera liburutegian debalde ebook berdina maileguan hartzera baino. Orokorrean ez dugu sobera argi zein den aitzinekoan aipatutako egoera desberdin horien arteko desberdintasuna, eta kontzientzia faltarekin zaila da deus babestea. Ez baduzu bi minutuz pentsatzen zertan ari zaren, zure dirua norat bidaltzen ari zaren, zure tartetxo hau arintzeko nor aritu den aldez aurretik lanean (eta ez bakarrik artista baizik eta horrek ekartzen duen jende-kate guztia, platoa garbitzen aritzen diren garbitzaileetatik hasi eta kontzertu bateko kateringa prestatzen dituzten pertsonetaraino, adibidez), ez baduzu horren kontzientziarik, zaila izanen da zure ekintzek kasualitatez beti zure ingurua babestea. Agian batzutan babestuko dute baina “batzuetan” horietatik jende aunitz ezin da bizi.

Grebak hori dena ikusarazi nahi zuen, bertan bizi nahi badugu bertako sortzaileak, eragileak, kulturgintza ere babestu behar ditugula. Eta noski bertze baliabide batzuk ere kontsumitzen ahal ditugula, baina jakinta zein eragin izanen duen horrek, neurria hartzeko, bertzerik ez.

«Egun hemengo populazioaren % 86ak ez du bereizten albiste faltsu bat albiste erreal batengandik... hori arras larria da eta liburutegien betebeharra da horri buelta ematea»

ASNABIko lehendakari gisa, zer gabezia ikusten duzu liburutegien alorrean?

ASNABIko lehendakari gisa baino, liburuzain gisa ikusten ditut gabeziak: batez ere profesionaltasun falta (eta ez naiz ari borondate on edo txarrez edo jende majo edo ez majoez, uste dut kolektibo gisa arras aldarte oneko pertsonak garela eta borondate onekoak gehienak) baina profesionalizatuago dauden bertze toki batzutara joaten naizenean eta bertako liburuzainekin solasean hasi, bertze konbertsazio mota batzuk sortzen dira, oinarrizko gauzak azaltzea eskatzen ez dutenak. Hori hemen ere pasatzea gustatuko litzaidake, horrek zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta segur aski lan baldintzen hobetzea ere ekarriko zuelako. “Liburutegiko arduradun” izatetik “liburuzain” izatera pasatuko ginateke, adibidez, eta behin eskatzen jarrita, eskolako “liburuzainarekin”, eta ez irakaslearekin, elkarlana egiten ahalko bagenu... zoragarria litzake. Herri edo auzoarentzat ere onura haundiak ekarriko lituzke, hau jada horrela den tokietan egindako azterketek erakusten dutelako, eta gizarte heziago eta kritikoago bat izanen genuke, albiste faltsuak hain ehuneko haundian sinestuko ez lituzkeena; egun hemengo populazioaren % 86ak ez du bereizten albiste faltsu bat albiste erreal batengandik... hori arras larria da eta liburutegien betebeharra da horri buelta ematea, baina aipatutakoa, momentuz ez daukagu baliabiderik gure lana egiteko. Gabeziak haundiak dira baina momentuz borrokan segitzeko indarra badut (irri egiten du).

Zer aldaketa eragin du konfinamenduak liburutegietako egunerokoan?

Batez ere herritarrek (eta hainbat liburutegi arduradunek) liburutegiek eskaintzen dituzten onlineko baliabideak ezagutzeko balio izan du. Gaur egun aunitz kontsumitzen dugu online baina orain arte, konparazioan, gutti ziren liburutegiak eskaintzen dituen onlineko baliabideak erabiltzen zituztenak. Liburutegi publikoetan (eta joan den urtetik ere udal liburutegietako kideek erabili dezaketena) eBookentzako eBiblio plataforma daukagu, pelikulentzat eFilm eta aldizkarientzat InfoMagazine.

Liburutegi fisikoan bezala, erabili ahal izateko liburutegiko txartela behar duzu, debaldekoa dena, eta konfinamendu garaian email bidez eskatu dezakezuna. Herri eta auzo bakoitzean jendeak izaten ahal dituen arazo edo zalantzak kudeatzea izan da liburuzain aunitzen egunerokoa egun hauetan.

«Horrelakoa da gure lanbidea, funtsezkoa eta erabilgarria bezain ezezaguna»

Bertzalde, eskola liburutegiek ere beraien plataforma digitala daukate, Odisea, baina ez dakit irakasleek izan duten lan kargarekin, beraiei kudeatzea tokatu zaien liburutegiari denborarik eskaini ahal izan dioten. Hor ere ikusten da liburuzain faltaren gabezia.

Gainera, edozein motatako liburutegiek, gaur egun, beti eskaini behar dituzte onlineko hainbat baliabide, beraien web orrialde propioaren bitartez edo gutxienez eskolaren web orrialdearen bitartez. Hor, egun hauetan erabiltzen ari garen baliabide guztietarako sarbideen loturak egon beharko lukete, denak bilduta eta modu antolatuan jarrita. Baina horrek dokumentazio lan haundia eskatzen du eta nik dakidala, liburuzain guttik egin dute, bai liburutegi publikoan zein eskola liburutegietan. Aldiz, irakasle bakoitza erotzeko puntuan ibili da baliabide horiek beharrezkoak dituelako, eta liburuzainak denendako egiten ahal zuen lana irakasle bakoitzak banan-banan egin behar izan du. Halere, inork ez du liburuzainaren faltarik somatu. Horrelakoa da gure lanbidea, funtsezkoa eta erabilgarria bezain ezezaguna.

Liburutegi publikoak zentzu hortan ere pixka bat hobe egoten dira, batez ere langile bat baino gehiago dituzten gutxi horiek, eta Nafarroako Liburutegia (Nafarroako Liburutegien Zerbitzuko liburutegi nagusia). Horiek beraien web orrialdeetan hainbat baliabide eskaintzen dituzte eta egun hauetan esfortzu berezia egin dute eduki horiek ahalik eta osatuen eskaintzeko. Lan haundia egiten ari dira, ate itxitan egiten dugun guzti hori agerian utziz, horretarako ere balio izan duela pentsatu nahi dut.

«Liburuzainoi kasu gutti egiten digute kolektibo ttikia garelako, baina herritarrek eskatzen badute... gauzak aldatzen hasten dira»

Azken hilabetean liburutegietako on-line maileguak laukoiztu egin dira…

Bai, errandakoa, jendea orain konturatu da aspaldidanik eskaintzen zitzaien zerbitzu honetaz. Horren arras balorazio positiboa egiten dut, gerora ere jendeari atzenduko ez zaion zerbait izanen delako. Eta betikoa, erabiltzearekin batera, agian agintariren batek ikusiko du horretan diru gehiago inbertitu behar dela...

Batez ere euskarazko eskaintza indartu behar dela pentsatzen dut, hortan beti gaude pixka bat eskas. Baina berdin, erabiltzearekin batera hortan inbertitzearen beharra ikusiko dute batzuk (ez baitute alderantziz pentsatzen, eskaintza onak erabiltzaile gehiago erakarriko dituenik, eskaintza eskasak erabiltzaileak biltzea lortzen badu, orduan inbertitzen dute gehiago...). Ez luke horrela behar, baina horrela funzionatzen du, beraz nik jendea animatu nahiko nuke daukaguna erabiltzera eta gehiago eskatzera. Liburuzainei kasu gutti egiten digute kolektibo ttikia garelako, baina herritarrek eskatzen badute... gauzak aldatzen hasten dira. Animatu kultura legala kontsumitzera, guretako eta gure ingurukoendako onuragarria izanen baita.

Liburuzainak ere larrialdi egoera iraunkorrean bizi zaretela esanen zenuke?

Kar, kar, kar! Ba, egian erran pixka bat bai... Uste dut zergatia nahiko argi gelditu dela elkarrizketa osoan zehar (irri artean). Halere, kontrakoa iduri badu ere, ni nahiko positiboa naiz. Uste dut guttinaka gauzak hobera joanen direla. Ez gara Nafarroako liburuzainak honekin kezkatuta gauden bakarrak eta Euskal Herriko bertze liburuzainekin elkarlanean ari gara, bai EAE zein Ipar EHkoekin. Baita EHtik kanpoko bertze hainbat liburuzain elkarte eta elkargorekin. Denok norabide berean goazela jakiteak esperantza eta indarra ematen dit.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun