COVID-19: Elkarrizketak

«Agentziaren bidez alokairuaren prezioa merkatzea lortu dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 29a, 07:30

Gizarte Hezkuntza ikasten ari da Uxoa Gamio berroetarra.

Gizarte Hezkuntzan graduatzeko atarian, koronabirusa tarteko, etxera itzuli behar izan du Uxoa Gamiok (1998). Donostiako pisua utzita Berroetatik akituko ditu ikasketak: «praktikak eta Gradu Amaierako Lana falta ditut. Praktikak bertan behera gelditu zaizkigu eta, momentuz, memoria egiten eta GRALari denbora eskaintzen ari naiz».

Hasieran GRALeko tutorearekin bideo-dei bidez solastatzea «nahiko arraroa» zitzaion arren, dagoeneko ohitu da: «aurrez aurre edo horrela aritzearen artean ez dago halako alderik».

Praktikak kezka nagusi

Ikasketa arloan «praktikak» dira kezka handiena eragiten diotenak: «ez dakit noiz hasiko naizen, galdutako orduak udan edo heldu den urtean errekuperatu beharko ditudan…».

«Ez dakit noiz hasiko ditudan praktikak ezta galdutako orduak udan edo heldu den urtean errekuperatu beharko ditudan»

«Ezjakintasunaren menpe» geratu den honetan «egoera honetatik ikasteko aukera» ikusi du Gamiok: «aunitzetan geure buruari gehiegizko zama paratzen diogu… egoera hau geure buruari entzuteko eta zentratzeko baliagarria da».

Matrikulak eta alokairuak «merkatu»

«Dauden errealitate anitzei begiratuz gero», berroetar gaztearen irudiko, egoera honek ez dio «bertze ikasle batzuei bezainbertze kaltetu». Dena den, ikasketak «ez dira batere merkeak» eta «zoritxarrez» hori ordaintzen segitu behar du berak ere: «argia eta bertzelako gastuak barne, hau hasi arte lau pisukideok 300na euro ordaintzen genuen pisuaren alokairua». Bere kasuan, «asteburu batzuetan lan eginez eta gurasoen laguntzaz» aurre egin du orain arte.

Bere izerdiz irabazitakoa erabiliko ez duen baliabideetara bideratzen segitu beharko du oraindik orain. Hori jakinda ere, etxera itzultzea erabaki zuen: «bertzela ere astebururo etortzen naiz etxera, eta egoera honetan ez nuen zalantzarik izan. Etxe batean bizi naiz, askatasun handiagoa dut…».

«Unibertsitateek matrikulak merkatu beharko lituzkete, bertako materiala erabiltzeko aukerarik ez dugulako»

Gamiok kontatu digunez, saiatuaren saiatuz, alokairua «pixka bat» merkatzea lortu dute: «albistegietan alokairuaren prezioak jaitsiko zirela aditu genuen eta nagusiari aipatu genion. Hasieran ezetz erran bazigun ere, gero, agentziaren bidez, hilabeteko prezioa pixka bat jaistea lortu dugu».

Edozein kasutan, ekainera arte dute kontratua eta hiru hilabete eta erdiz erabili gabe ordaintzen segitu beharko dute. Egoera honen aitzinean, elkartasuna behar dela uste du: «unibertsitateek matrikulak merkatu beharko lituzkete, bertako materiala erabiltzeko aukerarik ez dugulako; eta pisuko alokairuen prezioak ere egokitu beharko lirateke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun