Ortzegunetako merkatua berriz ere martxan jarriko dute Elizondon apirilaren 30ean

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 27a, 13:00

Elikagaiak saltzeko eta erosteko aukera izanen da ortzeguneko azokan.

Soilik elikagaiak saltzeko ekoizleen postuak irekiko dituzte 09:00etatik 14:00etara

Ohiko ekoizle eta saltzaileekin elkarlanean, ortzegunetako merkatua berriz ere martxan jarriko du Baztango Udalak, koronabirusak eragindako osasun krisiaren etenaldia eta gero.  Ortzegun honetan, apirilaren 30ean, Elizondon, merkatu plazako gorapeetan, soilik elikagaiak saltzeko postuak berriz ere ikusteko  aukera izanen dugu, baita bertan, ekoizleek salmentan jartzen dituzten produktuak erosteko aukera ere, 09:00etatik 14:00etara.

Horretarako, Nafarroako Gobernutik bidalitako segurtasun neurriak betetzea eskatzen zaie herritarrei, segurtasuna lehenetsi dadin erosle zein saltzaileen ikuspegitik. Jende oldeak ekidin, pertsonen arteko distantzia mantendu, salgaietara sobera ez hurbildu, eskuak postuetan egonen diren gel eta xaboiekin garbitu eta orohar, momento hauetan norbanakoari eskatzen zaizkion jarrera egokiak betetzea eskatu dute, merkatuak berriz bailarako merkataritzan bere tokia berreskuratu dezan asteroko jardunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun