Ezohiko egoerak, ezohiko erabakia hartu beharra dakar...
Ez guk, ez jende anitzek ez luke pentsatu izanen halako kalapita sortuko zenik. Egoerak izan duen bilakabideak bultzatu gintuen erabakia hartzera; alkatea eta bere lan taldean, nahiz bestetako batzordea osatzen duten eragile desberdinetako kideekin (herriko gazteak, guraso elkartea… ) batera hartu zen erabakia. Erabaki zentzuzkoena eta aldi berean saihestezina izanen zela iruditu zitzaigun guztioi. Ordurako egindako lana eta sortutako ilusioa desegitea izan da zailena…
«Ideia desberdin anitz plazaratu dira momentuz ospatu ezin ditugun bestei buelta hartzeko»
Ze alternatiba dituzue burutan?
Proposamen faltan ez gaude zorionez! Ideia desberdin anitz plazaratu dira momentuz ospatu ezin ditugun bestei buelta hartzeko. Hasieran gehienoi data aldaketarena etorri zitzaigun burutara; indar gehien duen proposamena dela iduri du. Dena den, zaila dirudi momentu honetan bestak, bere horretan, bertze data batzuetan finkatzea. Ikusiko da ze forma ematen diogun ospakizunari, baina ez dugu inor kanpoan utziko. Hori argi dugu!
Zer galera dakar honek?
Galerak anitzak dira. Oraindik ezin da jakin ekonomikoki suposatzen ahal duena herriarendako, baina nabarituko da dudarik gabe. Hala ere, dirua ez da dena. Bistan dago eskualdeko lehendabizikoetakoak direla, gogo gehienekin hartzen direnak direla eta ilusioa ere maila berean sortzen dutela, herrian eta inguruan. Urteak daramazkigu besta borobilak antolatzen, geroz eta ekitaldi anitzagokoekin, jendea erakartzen… aurten faltan botako ditugu denok egutegian gorriz markatutako egun horiek.
«Ikusiko da ze forma ematen diogun ospakizunari, baina ez dugu inor kanpoan utziko. Hori argi dugu!»
Hitzartutako ekitaldi eta musika taldeen kontzertuekin zer gertatuko da?
Momentura arte hitzartutakoak taldeak ziren. Guztiei jakinarazi zitzaien hartutako erabakia eta aldi berean, aukera izandakoan kontuan izanen genituela ere erran zitzaien. Bertzelako ekitaldiak, aldiz, ez zeuden hitzarturik.
Besterik aipatu nahiko zenuke?
Eskerrak eman nahiko nizkieke gelditu gabe dena ematen ari diren guztiei, herritar guztiei sasoia opa eta besarkada bat. Beti aitzinera!