Elizondoko Recreo musika bandaren emanaldien 25. urteurrena ospatuko dute aurten

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 20a, 08:30

Hainbat kontzertu eta sorpresa bertan behera utzi behar izan dituzte, baina lanean segitzen dute

 

Aurten  25 urte bete dira Elizondoko Recreo musika bandak modu jarraian emanaldiak ematen dituenetik. Urteurren hau ospatu nahi izan dute 2020 urtean, nahiz eta hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan dituzten bizitzen ari garen egoera dela eta.

Lehenengo erregistroen arabera 1906an eskaini zituen lehen emanaldiak Elizondoko Recreo Bandak izenarekin (1896ko argazki bat ere bada), baina 1978an berreskuratu zuen taldea Juan Eraso Olaecheak. Bien artean, Cándido Albistur Iturria, Alberto Belzunegui, Antonio Olondriz eta Feliciano Beobide Udaquiola musikariek zuzendu zuten taldea.

1978an, Juan Eraso Olaecheak musika-akademia bat osatu zuen, eta, ondoren, Kalaxka fanfarrea sortu zen, 12 musikarik baino gehiagok osatua. Ikasle kopurua handitu zenean, 1980tik 1986ra bitartean sortu zen musika-banda, mende hasierako talde zaharraren izena hartu zuena.

1988an Baztango Musika Eskola sortzeari esker, taldeak berriro ekin zien 1994an Santiago zaindariaren bestetako emanaldiei. Aurten gogoratuko duten data hori da Elizondoko Recreo musika bandaren etaparik luzeena. 25 urteko garai honetan, hiru zuzendari izan ditu bandak: Javier Igoa Altzugarai, 1995-1996 bitartean; Juan Carlos Moreiro Jimenez, 1997-2005 bitartean; eta egungo zuzendaria, Rosa Mary Sanchez Echenique, 2006tik.

Recreo musika bandatik jakinarazi dutenez, «hainbat kontzertu eta sorpresa genituen aurreikusita urtemugako ospakizunerako, baina ezerezean geratu dira bizi dugun egoeragatik, nahiz eta lanean segitzen dugun, ahal bezain laster, hainbeste ilusio egiten digun urtemuga ospatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun