Zertan eragin du koronabirusak Elizondoko zahar etxean?
Egia erran, nagusiki hondarreko hilabete honetan eragin du. Lehendabiziko kasuak hasi zirela ikusi genuen, orduan oraindik baieztatu gabeak zirenak, orduan ez baitziren probak egiten. Nahiz eta hamalau ohatzeko isolamendu gune bat prestatu, azken hogei egunetan hiruzpalau kasu agertu ziren. Egoerak egoiliar eta langile guztiei probak egiteko plan bat egitera bultzatu gintuen. Igoera horrek, logikoki, egoiliarrak langileak, langileak egoiliarrak edo egoiliar zein lagileak euren artean kutsatzen ari zirela erran nahi zuen.
«Nafarroako Gobernuak neurriak martxan paratu aitzinetik, martxoaren 12an itxi genuen zentroa»
Noiz hasi zineten birusaren hedapena saihesteko neurriak hartzen?
Nafarroako Gobernuak neurriak martxan paratu aitzinetik. Martxoaren 12an zentroa itxi genuen, bisitak ez genituen hartzen… Ondotik Nafarroako Gobernuak berak helarazi zizkigun protokoloak.
Lehendabiziko ondoez zantzuak noiz sumatu ziren zahar etxean?
Martxoaren hogeitik goiti hasi ziren lehendabiziko sintomak. Gaixoak ospitalera eraman genituen eta probak egin eta positibo eman zuten.
Hasiera hartatik pixkanaka hedatuz joan da…
Bertze zentroetan hedatu den bezala. Erakunde hauetan, ez dakit zergatik, segurtasuna ez da guztiz bermatzen, langileak sartu-atera ari dira. Zentzu horretan, gisa honetako zentroak isolatzea hagitz zaila da. Dena den, badira eraginik izan ez duten zentroak. IDEAk Nafarroan kudeatzen dituen bertze hiru zentroetan ez dago kasu bakar bat ere, ez dakigu zergatik. Guztietan protokoloa martxan paratu zuen. Ziurrenik kanpoko batek sartuko zuen, ospitalean kutsatu zen bakarren batek edo jakizu! Ezinezkoa da birusaren jatorria zehaztea.
«Erakunde hauetan segurtasuna ez da guztiz bermatzen, langileak sartu-atera ari dira. Zentzu horretan gisa honetako zentroak isolatzea hagitz zaila da»
Noiz erabaki zenuten egoiliar eta langile guztiei probak egitea?
Egoitzetan probak egiteko eskatzen ari ginen, sektore guztian, baina ez zituzten egiten… Egiazki, orain dela arront egun gutti hasi dira egiten. 20 lagun inguru bakartuta eta bertze hiru positibo genituen. Egunean bizpahiru kasu agertzen ari ziren eta, hasieran behintzat sintoma arinak zituzten arren, areagotzen ari zirela ikusita horretan hasi ginen. Orduan Gizarte Zerbitzuen Departamentuari proiektu pilotua proposatu genion, birusaren garapenaren berri izan genezan. Horrek langileei eta egoiliarrei probak egiteko aukera eman zigun, bereziki sintomarik gabeak zein ziren jakiteko, ordura arte jakin gabe kutsatzen ari zitezkeen eta.
Noiz aurkeztu zenuten proiektua? Nola izan zen prozesua?
Apirilaren 6an, astelehenean, mahaigaineratu genuen, asteartean onartu ziguten eta asteazkenerako probak egiten ari ginen. Apirilaren 10erako, ortziralerako, emaitzak eman zizkiguten eta banaketa egiten hasi ginen. Larunbatean Baztango Udalarekin eta Nafarroako Gobernukoekin bildu ginen eta igandean negatibo eman zutenak Lekarozera lekualdatzen aritu ginen, babestuago egon zitezen. Dena arras agudo egin zen.
«Astelehenean proiektua aurkeztu, asteartean onartu eta asteazkenean probak egin zituzten. Dena arras agudo egin zen»
Zenbati egin zitzaizkien probak eta zein izan ziren jasotako emaitzak?
148 egoiliarreri egin zitzaizkien probak eta 76k positibo eman zuten. Horietatik 47 sintomarik ez zutenak ziren. Langileei dagokienez, berriz, 82ri egin zitzaien proba diagnostikoa eta 13k positibo eman zuten.
Zer neurri hartu zenuten orduan?
Datu horiek jasotzeak zentroa guneka banatzeko aukera eman digu: negatibo eman zuten batzuk Lekarozera eraman genituen; bertze batzuk, negatibo eman duten arren, ahul daudenez zentroan gelditu dira, bakartuta; horietatik aparte dagoen solairu batean positibo eman dutenak baina sintomarik ez dutenak daude; eta bertze batean sintomadunak.
«Datuak jasotzeak zentroa guneka banatzeko aukera eman digu»
Familiekin etxera joan zirenak ere izan ziren…
Bai, lau egoiliar familiarekin euren etxeetara joan dira eta horiei ere segimendua egiten ari gara, telefonoz.
Nola jaso zenituzten emaitza horiek?
Sintomarik gabeko kasu positibo kopuru altu horrek harritu gintuen. Egiazki horiek izan dira arazoa, ez baitakite kutsatzeko aukera dutela. Dena den, horrek ez du erran nahi sintomarik gabeko guztiek kutsatzen dutela, duten birus-kargaren araberakoa da kutsakortasuna.
Emaitzak jasotzeak lasaitu zaituzte?
Bai, lasaitu gaitu, arazoa ezagutzeko bide eman digulako. Arazoa ezagutzen den momentuan konponbideak jar daitezke. Egia da egoitza gauetik goizera antolatzeak bere zailtasunak dituela: langileak kontratu behar dituzu, horiei formakuntza eskaini, egoiliarrak bertze toki batera egokitu behar dira…
Probak egitearen alde positiboari erreparatu behar zaio: jendea salbatzeko aukera izan dugu, birusari aitzin hartu diogu. Probak egin aitzinetik birusaren gibeletik gindoazen, sintomak zituztenen berri baino ez genuelako. Orain, berriz, aitzinetik goaz eta familiei, langileei… segurtasuna eman diegu. Zenbakien gibelean pertsonak daude eta horiek lagundu ahal izan ditugu.
«Emaitzak jasotzeari esker jendea bakartzeko eta salbatzeko aukera izan dugu. Birusari aitzin hartu diogu»
Noiz eta nola eman zitzaien egoiliarren senitartekoei emaitzen berri?
Berehala. Emaitzak jaso genituen egunean bertan zentroko zuzendaritzak lehenik langileei eta ondotik egoiliarrei horren berri eman zien, positiboei, asintomatikoei zein negatiboei. Horrekin batera, lekualdatzearen berri eman zitzaien. Familiekin egunero izaten dugu hartu-emana.
Zein izan dira gaixoekin hartu dituzuen neurriak?
Erabateko isolamendua eta segurtasun neurri zorrotzak izan dira hartutako neurriak: Norbera Babesteko Ekipamendua (NBE), gune horietan lan egiteko langile espezifikoak… Bakartzeko dugun guneari esker, dagoeneko hiru egoiliar gaixotasuna garaitzen ari dira.
Noiz arte egonen dira negatibo eman dutenak Lekarozen?
Printzipioz hilabete bat aurreikusi dugu. Berriz egoitzara bueltatu aitzinetik proba egitea da asmoa, garapena eta immunitate maila ikusteko. Populazio honen azterketa egitea interesgarria izanen da. Birusari buruzko ezjakintasuna dago, immunitatea iraunkorra den, ez den… Denak ikasten ari gara.
«Ahul daudenak ez daude horrela birusarengatik... Egoiliarren bataz bertzeko adina 83 urtetik goitikoa da eta patologia aunitz dituen jendea dago»
Gaur gaurkoz, zein egoeratan daude gaixoak?
Denetarik dago. Bada ahul dagoen jendea baita ongi daudenak ere. Dena den, osasunari dagokionez ahul daudenak ez daude horrela birusarengatik… Egoiliarren bataz bertzeko adina 83 urtetik goitikoa da. Patologia aunitz dituen jendea dago, egoera zailean daudenak… Ospitaleratua ez dakit bat ez ote dagoen…
Orain artean zenbat hil dira?
Martxo hasieratik zazpi egoiliar hil dira. Datuak aztertu behar dira. Anitz diruditen arren, hemen dagoen biztanleriaren proportzio handia aztertuz gero, bataz bertzekoaren azpitik gaude.
Eta langileak? Nola daude?
Orokorrean ongi daude. Pare batek sintoma arinen bat izan du, baina gainerakoek ez dute sintomarik.
Nahikoa baliabide material eta pertsonal izan duzue?
Eskas izan dugu… Baina arazoa orokorra da, alor guztietan eragin duena. Hasieratik prebentzio materiala ezin ailegatuz aritu gara. Orain, berriz, ailegatzen da, baina gutti. Gure aldetik eginahalak egin ditugu. Nafarroako eta kanpoko bertze egoitza batzuekin batera, Hong Kongetik materiala eskatu genuen… baina konfiskatu egin zuten. Gu ez gara bitartekariak, material hori egoitzetan erabiltzeko zen…
Zein mezu helaraziko zenieke egoiliarren senitartekoei?
«Birusa gainditzen dugunean, indartu ditugun alderdi guztiak mantentzea gustatuko litzaidake»
Egoiliarrak ez dira inoiz orain bezain zainduak egon. Langile guztiak eginahalak egiten ari gara, komunikazioa indartu dugu, aldaketen berri ematen ari zaie… Beraz, pandemiaren larritasunaz harago, lasaitasun mezu hori helaraziko nieke. Guretzat garrantzitsuena konfinamenduan dauden adineko horiek dira eta beldurra baretzeko lanean ari gara. Birusaren ondotik, ikasi dugun guztiak eta indartu ditugun alderdi guztiak mantentzea gustatuko litzaidake.