Asfaltatze-lanak direla eta, trafikoan aldaketak eginen dituzte apirilaren 17an Oronoz inguruan

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 16a, 15:00

Irun aldetik Elizondora doazen ibilgailuek Narbarten atera beharko dute.

Irun aldetik Elizondora doazen ibilgailuek Narbarten atera beharko dute. Narbarteko irteera hartzen ez duenak, Berroetako irteeraraino joan beharko du han norabide aldaketa egin eta gero Elizondo aldera hartzeko.

Apirilaren 17an, ortziralean, asfaltatze lanak eginen dituzte NA-1210-1 errepidearen 19. kilometroan (Mugairiko piszifaktoriaren inguruetan) eta N-121-Atik N-121-Brat doan irteeran, hau da, Sunbillatik, Elizondoko norabidean, Oieregiko tunela pasa eta gero. Obrak egin ahal izateko, bai Malerrekatik baita Bortzirietatik N-121B alderat doazen bidaiariei, Narbartetik emanen zaie bidea, Oronoz-Mugairi aldera. Oronoz-Mugairi igaro eta Askapen elkartuko dira N-121-B errepidearekin.

Kontu izan, Narbarteko irteera hartzen ez duenak, Berroetako irteeraraino joan beharko duela norabide aldaketa egiteko.

Lanek ortziralean 07:30ean hasi eta 20:00 arte iraunen dute. Tarteka auto ilarak sortzea aurreikusi dute, horregatik lasaitasuna eta bidaiatu behar duten gidariei, garaiz ateratzea eskertuko zaie.

Obrak Nafarroako Herri-lan eta Azpiegitura departamentuaren Oronoz-Mugairiko zainketa zerbitzuak sustatu ditu, Mariezcurrena eraikuntzak enpresaren bidez.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun