COVID-19: Elkarrizketak

«Zaila da erritmo berean edo intentsitate altuan entrenatzen jarraitzea noiz jokatuko duzun jakin gabe»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 15a, 16:00

Saioa Jaurena Leitzako etxebizitzako balkoian entrenatzen.

Europako txapelketa jokatu bezperatan jaso zuen Saioa Jaurenak (Elizondo, 1989) alarma egoeraren berria. Geroztik, Leitzako etxebizitza gimnasio bihurtu eta mailari eusteko gogor ari da lanean.

Zertan eragin dizu egungo egoerak?
Guztiz aldatu eta berrantolatu behar izan dut nire egunerokoa. Ordutegiak ongi finkatu eta eguneroko lanak nola egin behar ditudan ongi planifikatu behar izan dut, denbora ez galtzeko. Zelaia uzteak, bertze mota bateko ariketak egitea dakar. Normalean egiten ditudanen antzekoak, baina etxean ari naizenez, gehiago egin behar dira. Dena den, etxean egon beharrak badu alde ona ere, gorputza ongi deskantsatzen ari da eta hori ere ona da. Denbora librean bideoak ere ikusten ditut, alderdi teknikoa aztertu eta zuzendu beharrekoak ikusteko eta hobekuntza non dagoen aztertzeko.

Europako txapelketa jokatzen hastekoak zineten, nola hartu zenuen berria? Apirileko lehenengo bi asteetan jokatu beharreko txapelketa zen eta orain ez dakigu noiz arte atzeratuko den. Berria jasotzea kolpea izan zen, egoera onean nintzen eta jokatzeko gogo handia nuen. Ulertzen dut egoera honek etxean gelditzea eskatzen duela, baina txapelketa hau atzeratzeak gauza dezente aldatuko ditu gure egutegian. Orain ezjakintasuna da nagusi. Zaila da erritmo berean edo intentsitate altuan entrenatzen jarraitzea noiz jokatuko duzun jakin gabe.

Entrenatu eta mailari eustea da erronka nagusiena?
Egoera honetan sartu ginenean, taldeko prestatzaile fisikoak eta selekziokoak ere segituan bidali zizkiguten plan berri eta egokituak. Beraz, esku artean plangintza bat dagoenean errexagoa da horri eutsi eta egunero idatzita dagoena egiten. Entrenatzeko garaian, bakoitzak etxean duen materialaren araberakoa da baina indar ariketa eta erresistentziakoen arteko nahasketak dira orokorrean.
Zaila da mailari eustea etxetik atera gabe, batez ere zelaian egiten duzun hori egitea ezinezkoa zaigulako. Hala ere, plangintza jarraituz eta zainduz nahiko ongi mantentzen ari naizela uste dut. Esperantza dut orain egiten ari naizen lanari esker, etxetik ateratzen naizenean,denbora laburrean berriz ere egoera onean egonen naizela.

Maila fisikoaz gain, arlo psikologikoak ere eragina izanen du.
Bai, handia gainera. Lehen astea zaila izan zen, batez ere ezjakintasuna eta nola aurre eginen nion ez nekielako. Galdera aunitz etorri zitzaizkidan burura: noiz arte, nola mantenduko naiz, zenbat atzeratuko dira burutan nituen txapelketak… Egunetik egunera, ordea, hobeto sentitu naiz. Entrenatzailearekin eta prestatzailearekin solastu ondotik asko lasaitu nintzen. Egunero entrenatzen jarraitzeko giltza bakarra helburuetan pentsatzea da eta horietara ahalik eta egoera onenean iristeko egin beharrekoan pentsatzea.

Zein errutina segitzen dituzu?
Orokorrean goizean entrenamendu bat egiten dut eta arratsaldean bertze bat. Batzuetan lan gehiago dudalako (irakaslea ere bada) goizekoa kentzen dut, baina tarte hori errespetatzen saiatzen naiz. Aste tartez ere egun batean entrenamendu bakarra egiten dut eta igandeak deskantsurako erabiltzen ditut, astelehena berriz gogotsu hasteko.

Zer eragin izanen du guzti honek errugbiaren munduan?
Kirolari gehienok entrenatzen ari garela uste dut, bai beharragatik baita denbora pasa ere. Gero denbora tarte bat beharko dugu berriz zelaian ongi ibiltzeko baina tarte hori errespetatuko dutela uste dut. Arazo handiena klub mailan egonen dela uste dut, txapelketa edo liga aunitz bertan behera geldituko dira eta kasu batzuetan galera handiak egon daitezke esponsor edo laguntzaileen aldetik. Gainera, jokalariak fitxatuak dituzten klubek ez dakit nola eginen dieten aurre egoera honi; jokalari horiek geldirik dituzte.
Arlo ekonomikoaz gain, kirol arloan ere izanen du eragina. Hainbat kasutan, talde batzuk gauza handiak lortzekotan zeuden eta egoera honengatik prozesu hori gelditu eta oraingoz emaitza onak jaso gabe geldituko dira. Zaila izanen da beraientzat geldialdi hau eta gero inertzia berdinarekin jokatu eta emaitza berdinak eskuratzen jarraitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun