Lur hartu orduko, ia-ia maleta urratzeko astirik gabe, herrirantz begira hasi behar izan zuen: «zuzen bidean hiru hilabeteko egonaldia behar zuena, arras laburra izan zen. Larunbatean ailegatu ginen Florentziara, asteartean itzultzeko mezua jaso genuen eta ortziralerako Madrilen ginen bueltan».
«Zuzen bidean hiru hilabeteko egonaldia behar zuena, arras laburra izan zen»
Ikasleek ez zuten erabakitzerik izan, agindua Eusko Jaurlaritzatik ailegatu zitzaien: «erran ziguten momentuan ez nik ezta bertze lauzpabortz ikaslek ere ez genuen bueltatu nahi, baina Eusko Jaurlaritzaren agindua izan zen eta ez genuen aukeratzerik izan». Agindutakoa bete, bertze irtenbiderik ez zuten izan: «Erasmuseko arduradunek bertze hegaldi batzuk erosi eta txartelak bidali zizkiguten».
Astebete horretan «egoera nahiko normala» bizi izan zuten: «larunbatean, ailegatu ginen egunean bertan, atera zen lehendabiziko kasua Milanen». Momentu horretan «garrantzi handirik ez» zuelakoan zeuden: «tutoreak ere lasai egoteko erran zigun…». Pixkanaka, herritarren jarrera aldatu zela antzeman zuten: «kutsatu kopurua hazi zenean, geroz eta jende gehiago maskarak erabiltzen hasi zen eta urduritasuna nabariagoa zen».
Italiatik Euskal Herrira
Antzeko bilakaera ikusi du herrira bueltatu denean: «alarma egoera jarri zutenean aunitz ez ginen egoeraz jabetzen baina egunak pasatu ahala kontzientzia piztu zaigu eta kezka nabariagoa da».
«Egunak pasatu ahala kontzientzia piztu zaigu eta kezka nabariagoa da»
Egoerak ondorio zuzenak eragin dizkio erratzuar gazteari: «bertako praktikak bertan behera utzi behar izan ditut eta esperientziaz ezin izanen dut gozatu». Orain praktikaldia berriz hasi behar izan du: «beranduago akituko dudan arren zorte handia izan dut. Euskal Herrira etorri eta enpresa bat praktiketako ikasle baten bila zebilen…».
Etorri eta berehala hasteko modua izan zuen: «enpresan behin egon naiz eta orain telelanean nabil». Beranduago akituko du baina «nahiko lasai» dago, «gutieneko ordu kopurua murriztu dutelako».
Etxeko egonaldia arintzeko ongi datorkio lana. Horri, sofan egoten den tarteei eta kirol pixka bat egiten pasatzen duen denborari esker «astean zehar ez naiz gaizki moldatzen». Asteburuetan, berriz, «gehiago nabaritzen dut».
«Aunitzendako inflexio puntu bat izanen da eta hemendik aitzinera momentuak, egoerak edota pertsonak gehiago baloratuko ditugu»
Deus ez da alperrik eta, honetatik ere ikasbide bat aterako dugula uste du Uriartek: «aunitzendako inflexio puntu bat izanen da eta hemendik aitzinera momentuak, egoerak edota pertsonak gehiago baloratuko ditugu». Momentuz, ordea, pasatzeke dagoenez… «animo denei, pasatuko da eta izanen dugu ospatzeko aukera!».