Orain arte berdintsuak iduri dute, baina badaude ageriko desberdintasunak, adibidez: batengatik 90 euro ordainduko dugu eta bertzeagatik bortz euro inguru. Gainera, segur aski ez dugu sobera pentsatuko horren inguruan, normaltasunaren armairuan ongi ordenatuta baitugu horrela dela, horrela izan dela beti eta akaso azaleko justifikazioren bat ere izanen dugu horrela izaten jarraitu dezan.
Galtzak jantzi ahal izatea emakumeen borrokaren ondorio izan zen, bertze garaipenetako bat izan zen etxetik kanpo lan egitea, baina gaur egun askatasunaren sinbolo izan ziren galtza horien azpildurak josteagatik bortz euro ordaintzea normala da. Zer pasatuko litzateke garbigailua konpontzeagatik bortz euro ordainduko bagenu? Jostunari emakume aurpegia paratu badiozu eta garbigailu konpontzaileari gizonarena ez da kasualitatea; ez da kasualitatea ustezko normaltasun horren barnean bi soldata horiek kabida izatea. Hortxe dago koxka, normaltzat ditugun eguneroko aferetan. Hortaz, ailegatu da eguna: ireki begiak, atera normaltasuna armairutik.