Koronabirusak ez du mugarik. Euskal Herrian da eta Asiatik Europara, Ameriketara, Afrikara edo noranahi ailegatzeko ez du inongo oztoporik. Euskal Herrian bertze gairik ez bada ere, ez da toki bakarra. Sorterritik urruti bizi direnek ere sumatu dute, tartean, Mikel Oteiza Etxeberria erratzuarrak.
2002az geroztik Kalifornian bizi da Oteiza, Los Angeles hiritik 40 bat kilometrotara, Chinon. Ospitale publiko batean egiten du lan, interprete gisa, medikuen eta pazienteen arteko harremanetan ingelesez eta gaztelaniaz lagunduz. «Zorteko» sentitzen da «lanera joan behar dudalako». Kontatu digunez, ordea, bertzelakoa da panorama orokorra: «koronabirusaren ondorioz, bat-batean langabezia ainitz igo da. Hemen ez dago ERTErik eta itxi diren denda guztiek langileak bota dituzte. Ez dutela lanik erran eta ikusi arte». Hala ere, nola diren kontuak, badira langile bila dabiltzanak: «orain jendeak gero eta gehiago egiten ditu Internetez erosketak eta duela egun batzuk, paketeriako biltegi batean 500 langileren bila ari ziren».
Lanean segurtasun neurriak eta telefono bidez lana
«Ospitaleetan kontrol neurriak ezarri dituzte baina pixka bat gaizki dauden pazienteei bakarrik egiten diete testa»
Bere lantokian «oraingoz, koronabirusak jotako kutsatu kopurua ez da altua», nahiz eta gaineratu duen «ez digutela garbi erraten». Hori bai, segurtasun neurriak hartuak dituzte: «langile guztiak maskarekin ari gara lanean». Larrialdietako eremua, erraterako, «dena aldatu» dute: «kontrol neurriak ezarri dituzte, isolamendu eremuak prestatu dituzte eta ospitalera sartzerakoan goitik beheiti tapatuta dauden erizainek eremu batera edo bertzera bideratzen dituzte pazienteak. «Koronabirusaren sintomak dituztenak kanpoan paratu dituzten kanpin-dendetara bideratzen dituzte eta larritasunaren arabera, testa egiten diete edo ez. Larria ez bada etxean egoteko erraten dute eta arnasketa arazoak baldin badituzte horretarako egokitu duten eremu batera eramaten dituzte. Han guk ezin dugu sartu».
Interpretea izanda, «ospitalean goiti eta beheiti» ibiltzera ohitua dago. Orain, ordea, telefono bidez ari da lanean. «Premiazkoak ez diren hitzorduak eta ebakuntzak suspenditu dituzte eta kontsultak telefonoz egiten ari dira. Medikuen eta pazienteen arteko dei horietan sartzen naiz ni. Orain, lan gehiena telefonoz egiten dut».
Egunerokoan ere nabaritu ditu aldaketak. «Ohiko trafikoarekin konparatuz, %70 jaitsi da eta egunerokoan jendea ez da aunitz ateratzen. Bertzetik, Chinoko Euskal Etxean martxoan egitekoa genuen auzolana bertan behera utzi dugu eta oraingoz, Euskal Etxean hilabetero egiten ditugun bazkari edo afariak ere bai».
Kalifornian berrogeialdia
«Gero eta neurri bortitzagoak hartzen ari dira. Jendeak berrogeialdia opor bezala hartu zuela eta hondartzak bete zirela ikusitakoan, hondartzak eta dena ixtea erabaki zuten».
Ikastetxeak itxita eta irakasleak eta ikasleak etxetik lanean ari dira Kalifornian eta apiril osoa horrela izanen dira, jatetxeak publikoarendako itxita daude baina aurrez aurreko edo etxez etxeko zerbitzua eskaintzen dute, janari-dendak eta eraikuntzako materiala saltzen duten dendak irekita, baita botikak ere... Baina «irekiak dauden dendetan manparak paratzen hasi dira, langileak kutsatzen hasi direlako. Pertsona bakarra joan daiteke erosketak egitera eta bi metroko distantzia mantentzeko erraten dute». Baina Oteizaren irudiko, «berrogeialdia ez da hor [Euskal Herrian] bezain bortitza» eta «jendea karrikara oinez ibiltzera» ateratzen dela aitortu digu. Hala ere, «gero eta neurri bortitzagoak hartzen ari dira». Hondartzetan gertatu dena kontatu digu: «Berrogeialdiko egunak oporrak bailiran hartu zituen jendeak eta hondartzak eta Hollywood inguruan dauden mendiko lasterbideak jendez bete ziren. Hori ikusita, hondartzak eta denak itxi dituzte». Gisa berean, «etxeak gelditzeko mezua» etengabea dela azpimarratu du.
Hiri handietan ez bizitzearen alde ona
«Chinon jendea etxeetan bizi da eta ez dago jende pilaketarik. Alde horretatik, koronabirusa hirietan bezainbertze zabalduko ez denaren itxaropena dut»
AEBetan «koronabirus kasu gehienak hiri handietan» agertu direla dio erratzuarrak, «New Yorken, Los Angeles hirian... Jende dentsitate handiko hirietan». Chinon, berriz, «ez dago pisu blokerik, denak etxeak dira, zabaleran eraikiak eta ez dago jende pilaketarik». Horrek «koronabirusa hiri horietan bezainbertze zabalduko ez denaren itxaropena» sortzen omen dio.
Kaliforniako Gobernadoreak, bere aldetik, ondoko hilabeteetan Kaliforniako herritarren erdia baino gehiagok koronabirusa izan dezakeela errana du. Oteizari «denak batera eritzeak» sortzen dio kezka: «fite erremediorik ez bada harrapatzen, uste dut denok harrapatuko dugula. Baina ospitalera joatea beharrezkoa badugu bitartekoak izatea izanen da afera nagusia». Gainerakoan, politikariak ere izan ditu hizpide: «gobernadoreek gauza bat erraten dute, CDC infekzio gaixotasunen kontrolerako zentroak bertze zerbait, presidenteak [Trump] orain gauza bat eta gero bertzea dio... Aste Santuan dena ireki behar zela erran zuen ekonomia ez delako horrela txikitzen ahal eta bere hitzak irentsi beharko ditu».
Osasun sistemarekin kritiko
«Ospitale pribatuetan zer seguro duten galdetzen dute eta orain lanik gabe gelditu diren ainitz medikuaren segurorik gabe gelditu dira»
AEBko osasun sistema ere hizpide izan du erratzuarrak: «legez, larrialdietan pazienteak ez dituzte gibelera botatzen ahal, baina ospitale pribatuetara joatean zer seguro duten galdetzen dute lehendabiziko. Lanean ari den jendeak onurak izaten ditu eta hala, medikuaren segurua izaten dute. Orain, ordea, hainbertze lagun kanporatu dituztenean, medikuaren segururik gabe gelditu dira ainitz. Koronabirusaren sintomekin pribatuetara joaten badira, segururik ez badute litekeena da publikoetara bideratzea. Hortaz, legez, pribatuak derrigortu beharko lituzkete, sistema publikoak gainezka ez egiteko».