Zazpi langilek osatzen dute Jauregia Esnekiak enpresako lantaldea. Baina koronabirusak eragin duen egoera dela eta, «bi lagun oporretan» daudela dio Azkaratek. Beraien bezero diren ostalaritzako establezimenduak, eskualdeko hainbertze ikastetxe eta Iruñeko haur eskolak itxi ondotik, «ekoizpena jaitsi eta egunerokoa eskaerara egokitu» behar izan dute. «Orain esne gutiago ekoizten dugu eta banaketan ere lan gutiago dugu».
Lanean ari badira ere, ekonomikoki «kolpea» izanen dela aitortu du aniztarrak. Beraien kasuan «denboraldi fuertearen» atarian etorri da guztia: «Diru-sarrera indartsuenak orain Aste Sainduan eta gero udan lortzen ditugu. Ostalaritzako eta eskoletako diru-sarrerez gain, Aste Saindukoa galdu dugu». Hala, «kasik gasnaz beteak» dituzten kamarekin egin dute topo: «Aste Saindua baino lehenxeago hasi ohi gara gasnak ateratzen baina aurten gasna guztiekin gelditu gara».
Denda ttikiak dira beraien bertze bezeroak eta horren harira, «komunikabideetatik jendea supermerkatuetara bideratzen ari direla» salatu nahi izan du. Azkaratek ekoizle ttikien tokia nabarmendu nahi izan du: «ekoizle ttikiak herrietan gaude eta herriak bizirik mantentzeaz gain, hemen inguruan lana sortzen dugu. Gizartearen aldetik babes handiagoa beharko genuke». Bere irudiko, egoera honek «kalte handia» eginen die ekoizle ttikiei. «Jendea guti ateratzen da etxetik eta jendea ez bada ateratzen zailagoa da saltzea».
Etxez etxe
«Elizondoko esne makina itxi ondotik, bezeroak deika hasi zirenez, etxez etxe banatzen hastea erabaki dugu»
Aitzinera egiteko bide horretan, orain arte ireki gabeko ate bat ireki dute Jauregia Esnekiak enpresakoek. Etxez etxeko banaketa zerbitzuari ekin diote. «Elizondoko esne makina itxi dugu eta bezeroak deika hasi zirenean, etxez etxe banatzen hastea erabaki genuen. Astelehen arratsera arte jasotzen ditugu eskaerak, asteartetan prestatu eta asteazkenetan banatzen ditugu».
Baztanen hasi dute bidea eta «kontent» daude erantzun ona izan dutelako. Are gehiago, «uste baino hobea izan da». Baina Baztandik kanpo ere atea zabalik utzi dute: «Bortzirietara edo Malerrekara joateko gutieneko eskaerak jaso beharko genituzke, baina jendeak nahi badu informazio eske deitzen ahal du». Argi utzi nahi izan du segurtasun neurriak betez egiten dutela banaketa hori. Hala nola, eskularruak erabiliz, 1,5 metroko segurtasun tartea mantenduz, batetik bertzera eskuak desinfektatuz, familia bakoitzeko pertsona bakarrarekin bilduz...
Eskualdeko ekonomiarendako «kolpea»
Kolpea ekoizle ttikiendako eta kolpea eskualdeko ekonomiarendako. Halaxe uste du Azkaratek. «Baztanen, erraterako, turismoaren aldeko apustu handia egina da eta hori galdu da. Konfinamendu egoera akitzen denean ikusi beharko da jendeak eskualdera etortzeko ahalmen ekonomikoa izanen duen edo ez. Ea beldurra alde batera utzi eta egoera poliki-poliki mugitzen hasten den». Gaia «kontrolatzen ez» duela badio ere, «nik uste kontuak luze segituko duela».
«Gaur egungo eredu ekonomiko eta soziala aldatu beharko da».
Etorkizunaz galdetuta, «enpresa ttiki eta lanpostuekin zer gertatuko den» irudikatzeak ezjakintasuna sortzen badio ere, «hausnarketarako momentua» izan daitekeela dio aniztarrak. «Gauza aunitz aldatu behar dira eta horien artean, gaur egungo eredu ekonomiko eta soziala aldatu beharko da. Koronabirusaren eraginez sortu den egoera honek horretarako balio dezake».