Baztango osasun zonaldean erabiltzeko materiala eman du Ultzamako Nekazari Dendak

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 27a, 19:30
Ultzamako Nekazari Dendako albaitaritza material guztia Baztango oinarrizko osasun zonaldearen esku utzi dute.

Abeltzaintzarako zeukan albaitaritza material guztia da

Aste honetan, Baztango oinarrizko osasun zonaldean albaitaritzako materiala jaso dute, Ultzamako Nekazari Denda enpresak emana. Enpresak Baztango osasun profesionalek erabiltzeko abeltzaintzarako zeukan albaitaritza material guztia da: Mantal iragazgaitzak, eskularruak eta eskularru luzeak dira, sorbaldarainokoak.

Baztango oinarrizko zonaldetol eskerrak eman nahi izan dituzte dohaintzagatik, materiala urritzen hasi baita eta laguntza guztia ongietorria izanen baita beti.

Elizondoko Osasun Zentrotik prebentzioak duen garrantzia gogorarazi nahi izan dute, koronabirusa zabal ez dadin, eta azpimarratu dute garrantzitsua dela etxetik ez ateratzea, norberaren nahiz inguruko pertsonen osasunerako behar-beharrezkoak diren produktuak erosteko izan ezik; behin eta berriz diote eskuak sarritan garbitu behar direla urarekin eta xaboiarekin, eta aurpegia ez ukitzea, batez ere eskuak garbitu ez badira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun