Kolokan dago Baztandarren Biltzarra Covid-19 birusak eragindako pandemiaren ondorioz

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 26a, 13:00
Baztandarren Biltzarra kolokan dago, baina besta antolatzeko asmoz lanean segitzen dute oraindik.

Egoera beltza den arren, Baztandarren Biltzarra elkarteak jakinarazi du besta antolatzeko lanean jarraituko duela, jai egunak Baztani egiten dion ekarpen sozial eta ekonomikoa dela eta

Hankaz goiti paratu du Euskal Herriko gizartea eta ekonomia Covid-19 birusak. Orain egoera beltza den arren, baikorra izan nahi du Baztandarren Biltzarra elkarteak. Bada aukera uztailerako, halako bestak egiteko debekua kentzekoa. Hortaz, agintariek baimena emanen balute, zailtasunak zailtasun, besta egitea da Baztandarren Biltzarra elkartearen nahia.

Izan ere, ezin da ahaztu, baztandar guztien bestak ekarpen handia egiten duela bai eremu sozialean eta baita ekonomikoan ere. Izan ere, herritarretzat ez ezik, jaia bertako ostatu, landetxe eta komertzio ttikientzat data arras garrantzitsua da.

 

Boluntarioen lana ezinbertzekoa

Zailtasunak ez dira soilik birusak eragindakoak. Izan ere, Baztandarren Biltzarraren antolakuntza taldean arras lagun gutti ari dira lanean. Ondorioz, aurten ez da tonbolarik izanen. Beraz, urte hauetan guztietan emandako laguntza eskertu nahi die tonbolan parte hartu duten merkatari ttiki guztiei elkarteak. Egoera zaila gainditu eta garai ilunak argitzea ahalbidetuko duen besta aitzinerat ateratzeko, ezinbertzekoa izanen da boluntarioen lana. Elkartea boluntario sare bat sortzeko lanean ari da, besta behar den bezala ospatu ahal izateko. Aitzinerago jakinaraziko du elkarteak boluntario sareko parte izan nahi dutenek eman beharreko pausoak zeintzuk diren.

 

Basaizea elkartearekin elkartasuna

Azkenik, Baztandarren Biltzarra elkarteak babes osoa adierazi nahi dio Basaizea elkarteari. Izan ere, koronabirusak sortutako egoera latzak behartuta, apirilean 26an, Baigorrin ospatzekoa zen Nafarroaren Eguna bertan behera uztea erabaki du elkarteak. Kulturaldia ere ez dute eginen. Beraz, Basaizea elkarteak ekitaldi guztiak utzi behar izan ditu bertan behera pandemiaren ondorioz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun