COVID-19: Elkarrizketak

«Gure lana telematikoki presentzialki bezain ongi egitea zaila da baina eginahalak eginen ditugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 20a, 11:00

Iñaki Beltran, Lekaroz BHIko zuzendaria, bulegoan lanean.

Iñaki BELTRAN Lekaroz BHI ikastetxeko zuzendaria

Egunetik egunera egoerak zer bide hartuko duen jakin ezinik, «ezjakintasuna eta zalantza» sentitzen du Iñaki Beltranek, Lekarozko ikastetxeko zuzendariak eta irakasleak. Egoerari ahalik eta hobekien erantzuteko eta ikasleen beharrak asetzeko «ahal dugun guztia» eginen dutela adierazi du.

Zuzendaria eta Batxilergoko bigarren mailako irakaslea da Iñaki Beltran. Ardura handiak dira bata zein bertzea, bereziki «ezjakintasun» egoerak ailegatzen direnean. Ageriko egin du sentitzen duen «kezka», bereziki «Batxilerreko bigarren mailan daudenek beraientzat arras garrantzitsua den froga bat egin behar dutelako».

Telematikoki «materiala ahalik eta hoberen» emateko lanean ari dira, «jarraipena ez dadin eten». Segida emateko modua izan badela uste duen arren, zenbait azalpen emateko «klaseak ezibertzekoak» direlakoan dago: «gure lana telematikoki presentzialki bezain ongi egitea zaila da».

Zailtasunak zailtasun, irakasleak materiala bidaltzen eta ikasleak jasotzen ari direla gaineratu du: «atzo hasi ginen, Classroom bidez batzuk, Google Meet plataformaren bidez bertzeak, bideoak edota e-mailak bidaliz gainerakoak». Momentuz, ikasleen aldetik «erantzun ona» jaso dutela argitu du. Dena den, iraupenak eragina izanen du: «printzipioz ez etortze egoera hau 15 egunekoa da eta hori luzatzen bada zailagoa izanen da. Egunez egun ikusi beharko dugu nola landu, egokitu, kontua». 

Ikasle eta irakasleak ez bezala, zuzendaria ikastetxean egonen da egunotan: «gaur-gaurkoz, irakasleak telematikoki ariko dira, baina zerbait behar badute bertara etortzen ahalko dira. Administraria, kontserjea, garbitzailea eta ni hemen izanen gara... Zuzendaritzakook txandak egiteko aukera dugu eta moldatuko gara».

Egoeraren aitzinean «familiei lasaitasuna eta ikasleei lan-ohiturak hartzea eta betetzea» eskatu die: «ordutegien araberako lanak izanen dira, beraz, hori segitzea komeni da, egunez egunekoa betez». Guztien lanarekin «jarraipen ona» izan dadin.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun