8.374.698 euroko aurrekontua onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 13a, 20:00
EH Bilduk, Baztango Ezkerrak eta Geroa Baik aurrekontuen alde bozkatu dute, Navarra Sumak kontra.

Europako epaia betez 281.308,14 euro erabiliko dira kontratu administratiboa duten langileen gradua ordaintzeko

Martxoaren 12an egindako ez ohiko osoko bilkuran Baztango Udalbatzak EH bilduren, Baztango Ezkerraren eta Geroa Bairen aldeko hamar bozkekin Baztango aurrekontuari eta udaleko plantillari hasierako onespena eman dio. Navarra Sumako hiru hautetsiek kontra bozkatu dute.


Erakunde bakoitzaren aurrekontuari buruz Udalekoa 7.609.496 eurokoa da, Udal Ikastolakoa 734.200  (Nafarroako Gobernuak hitzarmen bidez finantziatzen du), zaharretxekoa  147.002 eurokoa eta Giltxaurdi enpresa publikokoa 448.618 eurokoa.

Aurtengo aurrekontuak aitzineko urteetakoen ildo bertsuan heldu dira. Berrikuntza aipagarriena plaza behin betiko horniturik ez duten kontratu administratibodun langileei buruz Europak emandako epaiaren betearazteak ekarri du. Epaiak gradua ordaintzeko agintzen du, eta lau urtez gibelerat eginda egin beharko da, horrela, 2015-2019 aldirako 224.612,13 euro bideratuko du udalak. Horri, 2020tik aitzinerat kontsolidatzen den 56.695,83 euroko kopurua gehitu behar zaio.

Gertakari horrek udalak inbertitzeko duen ahalmena mugatu du. Horrela, nahiz inbertsioen atala 743.997 eurora ailegatu, udaletxearen gain gelditzen dena 212.302 eurokoa da.

Inbertsioen atalean larrialdi zerbitzuetarako tokia egiteko Oronozko osasun etxeko handitze lanak heldu dira, 348.000 euroko aurrekontuarekin, Nafarroako Gobernuak %100 finantziatuta.

Bertzalde, inbertsio garrantzitsuenak diru-kopuruaren arabera hauek dira: mendiko lanak, 152.276 euro; Erratzuko Azkarate auzoko bidea hormigoiztatzen hastea, 44.000 euro; Udaleko bideak garbitzeko sasiak mozteko makinaren erosketa 39.350; eskoletako lanak 37.750 euro; nekazaritzako azpiegiturak 28.801 euro eta Iruritako Dorrearako sarbidea 19.750 euro.

Gainerakoan udaleko zorra 2020ko urtarrilaren 1ean 3.791.831,97 eurokoa zen, 2019ko kontuen likidazio aurrikuspenean heldu diren sarreren %45,99koa; legeak paratzen duen %110eko mugatik urrun.

Hasierako onespena emanda aurrekontuen proiektua aldizkari ofizialean argitaratuko da, hilabete batez jendeen aitzinean egoteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun