Xabi Torresek aipatu duenez, «Arras Baztan Fundazioa tokiko ekonomia indartzeko helburuarekin sortu da. Arras Baztan Fundazioan sinesten dugu helburu hau lortzeko osagaiak Baztanen bertan kokatzen direla. Bertako produktu eta zerbitzuak lurraldearen hobekuntzarekin lotuz, eragileen arteko harremanak indartuz eta baztandarren elkarlanerako kultura nabarmenduz, Landa Eremu erreferentziazkoa zizelkatuko dugu: erronkei aurre egiten diena, ekintzailea; onuradun nagusia herritarra bera izanen dena, eta iraunen duen paisaia sozial eta fisikoa emanen diguna».
Apopilo Elkarteko Maxux Goñik aipatu duenez, zortzi dira Fundazioko patronatuko kide direnak: Baztango Artisauak; Bertan Merkatarien Elkartea; Baztango Zaporeak nekazaritzako produktu egileen elkartea; Prest, zerbitzu turistikoak biltzen dituena; Apopilo ostatatze turistikoen elkartea; Lanbide Eskola, Cederna Garalur garapen agentzia eta Baztango Udala. Dagoeneko, aipaturiko norabide honetan pausuak ematen hasiak dira. «Azkena, jakin duzuen bezala, konpromiso ttikien kanpaina. Indar protagonista, aldiz, baztandar bakoitzaren baitan dago, eta ezinbertzekoa zitzaigun Fundazioaren eta Baztan Markaren filosofia eta ekimenen leiho bat denen begi eta eskuetan jartzea. Horregatik sareratu dugu web orri hau, originala izan beharra zuena eta gure iritziz, hala egin dena», aipatu du Goñik.
Baztanet Informatikako Mikel Santestebanek webgunearen itxura, mezua eta edukiaren berri eman du ordenagailu proiekzio baten bidez.
Akitzeko, Xabi Torresek gogorarazi du «ekintza konkretuek eta gutako bakoitzaren erabaki ttikienek ere, kolektiboki pentsatuak eta eginak izanik, egiturazko aldaketak eragiten ahal dituztela gure lurraldean. Maila globalean erronka da trantsizio sozial eta ekologikoa; gure lekuko begirada emanen diogu, bizitzeko tokiko hobeagoa sortu. Eta horregatik ezagutu gaitzatela».