Baztanendako 129.000 euroko hiru zuzenketa jaso dituzte Nafarroako aurrekontuek Geroa Baik proposatuta

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 10a, 09:30
Amaiurren proiektu museografikoa laguntzeko, Amaiurko Gaztelu Elkartearekin 75.000 euroko laguntza jasotzen duen hitzarmena sinatuko du Foru administrazioak.

Zuzenketa horiei esker, Amaiurko Bisita Zentroa eta proiektu museografikoa egiteko Gaztelu elkartearekin hitzarmena sinatzea, Arizkunen bide bat zolaberritzea eta Laxoa Elkarteari dirulaguntza bat ematea bideratuko dira

2020ko Nafarroako Aurrekontuetan, Geroa Baik proposaturik, 129.000 euroko hiru zuzenketa daude Baztanentzat. Lehena, Amaiurko Bisitarien Zentroarentzako proiektu museografiko bat egiteko Gaztelu elkartearekin hitzarmena egitea da, 75.000 eurokoa; Arizkunen bide bat zolaberritzea bigarrena, 44.000 eurorekin, eta Laxoa Elkarteari 10.000 euroko dirulaguntza hirugarrena, berriki Interes Kulturaleko Ondare aitortu den kirol honen sustapenerako.

2020ko kontuei Geroa Baik Baztanentzako aurkeztutako hiru zuzenketek, bailararentzat garrantzitsuak diren azpiegitura eta proiektuak martxan jartzea ahalbidetuko du, begirada lurralde orekan eta gizarte kohesioan edukiz beti.

 

Amaiurren proiektu museografikoa

Zenbateko handieneko zuzenketa, 75.000 eurokoa, Amaiurko Gaztelu Elkartearekin hitzarmena egiteko izanen da, elkarte honek 1980tik herriko Gazteluaren aztarnak eta Baztango ondare kultural zein naturala balioan jartzeko jarduerak egitea bilatuko ditu. Une honetan Amaiurko gazteluko Bisita Zentroa eraikitzen ari da, bertan erakusketa iraunkor bat kokatuko delarik. Zuzenketa honekin, proiektu museografikoa martxan jarriko da.

 

Arizkunen zolatze lanak

Bigarren zuzenketa Arizkungo bide baten zolaberritzeko da. Herriaren mendebaldean Pertalatx auzora eta Erratzura, bai eta baserri ugaritara daraman bide bat dago. Bide honek, tokiko NA-2601 errepidearekin lotzen duen bide-adar bat du. Partida honi esker, bide-adar hori hormigoizko zola emanen zaio. Modu honetan, inguru horretako bizilagunek bai eta Pertalatx auzoko bizilagunek ere tokiko errepidera modu zuzenean ateratzeko bide bat edukiko dute, Arizkungo herrigunetik igarotzeko beharrik gabe.

 

Laxoa elkartea

Laxoa elkarteak jasoko du Geroa Bairen proposamenez Nafarroako Aurrekontuek onartutako hirugarren partida. Laxoa kirola euskal pilota jokoaren aitzinako modalitatea da eta Nafarroako bi eskualdetan gorde da bakarrik: Baztan eta Malerrekan. Dirulaguntza honen bitartez, Laxoa elkarteak jarduera hau bultzatzen eta sustatzen segitzea nahi da, alde batetik kirol honen praktikarako materialaren beharrak estaltzeko eta, bertzetik, informazio panel sorta bat instalatzeko. Izan ere, Nafarroako Gobernuak pilota modalitate hau Interes Kulturaleko Ondare izendatu zuen iaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun