Martxoaren 6 eta 7an agroekologiaren aldeko hirien sareak landa eremuak eta nekazaritza eta elikadura politikak mintegia antolatu zuen Navàsen, Katalunian, estatu osoko eragileekin. Mintegian Joseba Otondo Baztango alkateak parte hartu zuen, agroekologia ikuspegia duten elikadura politiketan jardun onak mahai-inguruan hain zuzen. Mahai-inguru horretan Baztango ekimenen berri eman zuen, Arras Baztan fundazioak bultzatutako konpromiso ttikien kanpainan elikadurak duen tokia bidenabar aipatuz.
Mahai-inguruan Itziar Bigurik Orduñako alkateak eta Xosé Romero Allarizeko (Galizia) ingurumen teknikariak ere parte hartu zuten, udal horietako esperientzien berri emanez. Bartzelonako diputazioko Sònia Callau, berriz, elikadura sistema lurraldekotzeko bultzatzen ari diren Smart Rural proiektuaz solastatu zen.
Arratsaldean agroekologiaren aldeko hirien sareko udal ttikiek bilkura egin zuten, lan-talde horren erronkak eta ekintzak zehazteko. Otondok kontatu duenez, aski emankorra izan zen saioa, eta aurtengo urteari buruz zenbait ildo finkatu ahal izan zituzten: landa eremuaren eta elikadura ekoizpenaren arteko harremana bultzatzea eta jendartean ikusaraztea; nekazaritzako lurren zaintza eta defentsa, baserritarrak eta baserri kultura baloratzea, nekazaritza ekologikoa bultzatzeko legeak eta arauak sustatzea (salmenta zuzena, ustiategietako baldintza higieniko-sanitarioak…) eta Nekazaritza Politika Bateratuari buruz eztabaida bultzatzea, batez ere nekazaritza ttikia eta lurrari lotutakoa indartzeko baliagarria den bigarren zutabean eraginez.
Jardunaldietan Arteseko Artium kooperatiba ezagutzeko aukera izan zuten, 100 urte baino gehiago dituena eta bertako ardogintza eta nekazari ttikiak atxekitzeko garrantzi berezia duena.
Aurtengo abuztuaz geroztik Agroekologiaren aldeko hirien sareko kide da Baztango Udala, eta udal ttikien lan-taldean eta elikadura eskubidea eta osasuna lan-taldean parte hartzen du.