M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

Saretze feminista, afaria eta antzerkia ortzirale eta igandean izanen dituzte Baztanen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko mar. 4a, 08:30

Baztango Talde Feministak duela bi urte egindako mobilizazioan.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira Baztango Talde Feministak antolatuta bertso-afaria ortziralean izanen dute, Baztango Gaztetxean; saretze feminista eta antzerkia, berriz, igandean Iruritan

Baztango Talde Feministak, martxoaren 8aren bueltan sortutako batzordeak eta Baztango Udaleko Berdintasun Batzordeak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldiak antolatu dituzte ortzirale eta iganderako.

Elizondon bertso-afaria

Ortziralean, martxoaren 6an, hasiko dira ekitaldiak, Baztango Gaztetxean eginen duten afariarekin. Sabelak bete eta belarriak goxatzeko aukera izanen dute 21:00etan zehaztu duten hitzorduan.

Lekaroztik Elizondora saretze feminista

Igandean, martxoaren 8an, berriz, saretze feminista eginen dute, «bizitza erdigunean paratzeko borrokan dauden emakumeak saretzeko». 11:00etan Lekarozen bilduko dira eta Elizondoraino joanen dira. Bidean, emakumeen borroka-zutabeak ikusaraziko dituzte:  lurraren defentsa eta nekazaritza, euskara, lan feminizatuak eta prekarietatea, gazteak eta migratzaileak. Ibilbidea borobiltzeko, herriko plazan aldarrikapenak irakurri eta manifestazioa eginen dute. Eskualdeko mailan ere bilduko dira. Aurten, Doneztebe izanen da bilgune eta bazkaria (14:00etan) eta elkarretaratzea (17:00etan) eginen dituzte.

Iruritan antzerkia

Eguna borobildu nahi duenak Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean eskainiko duten 35 Huts helduendako antzerkia (16 urte beharko dira sartu ahal izateko) ikusteko aukera izanen du. 19:00etan hasiko da emanaldia.

Ikusleek, Esti Curiel, Miren Gojenola eta Aitziber Garmendiaren eskutik, eta umorea ardatz dela, oinordetza emozionala, amatasuna eta heriotza bezalako gaietan murgiltzeko aukera izanen dute.

 

 

 

 

 

Erlazionatuak

Martxoak 8 Baztanen

Xorroxin irratia 2020 mar 03 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun