Xabi Ibargarai txapeldunorde izan da buruz buruko pala txapelketan

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 2a, 14:00
Gaubeka pilota astintzen, gibelean Ibargarai duela. Bizkaitarra nagusitu zaio erratzuarrari aurtengoan.

Ortziralean Bilbon jokatutako finalean 0-3 galdu zuen Esteban Gaubekaren kontra

Xabi Ibargarai erratzuarrak ez zuen joan den urteko balentria errepikatzerik izan. Iaz, buzu buruzko pala txapelketa irabazi zuen lehen aldiz, Gaubekaren kontra. Oraingoan, aldiz, bizkaitarra ongi nagusitu zitzaion ortziralean Bilbon, hiru jokoak irabazita (8-10, 4-10, 7-10).

Gisa honetara, 42 urterekin bere seigarren txapela jantzi du Gaubekak, Pablo Fusto berdiduz eta Oscar Insaustik baino bat guttiagorekin.

Finalean, beharbada lehenbiziko jokoan egon zen giltza. Ibargarai 8-7 aitzinetik izan zen, baina azken hiru tantoak bizkaitarrak egin zituen (8-10). Bigarrenean ere 4-3 aitzinetik izan zen Erratzukoa, baina 0-7ko partzialarekin eraman zuen jokoa Gaubekak (4-10). Gauzak zail jarri bazitzaizkion ere, hirugarren jokoan ere gogotik lan egin zuen Ibargaraik eta 7-8ra ere hurbildu zen, baina azken bi tantoak egin zituen txapeldun berriak (7-10).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun