Ospakizun publikoetan hondakinak kudeatzeko irizpideak finkatu ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 29a, 10:00
Plastikozko ur botilak eta erabilera bakarreko baxerak debekatu dira. Baxera berrerabilgarria eskatzeko aukera izanen da Balleko Etxean.

Hondakinen sorkuntza ttipitzea da helburua

Baztango eremu publikoetan eragileek antolatzen dituzten ekitaldietan hondakinak kudeatzeko irizpideak finkatu ditu udalak, otsailaren 28ko Tokiko Gobernu Batzordean hartutako erabakiaren bidez. Helburua da hondakinen sorkuntza ttipitzea izaera prebentiboa duten neurri zehatzen bidez; hondakinen kudeaketa egokia egitea, horien bereizketa eginez eta, eremuaren garbiketa bermatzea.

Baldintza hauek eremu publikoan antolatzen diren ekitaldi guztiei eraginen die, antolatzailea nornahi dela ere. Eragileen ardura izanen da horiek behar bezala betetzea. Hona neurriak:

 

- HONDAKINEN PREBENTZIOA KONTUTAN IZANEN DA. Horretarako:

• Posible den guztietan iturriko ura eskainiko da eta plastizkozko ur botilak debekatuak izan dira.

• Erabilera bakarreko baxera debekatua egonen da. Balleko Etxean baxera berrerabilgarria eskatzeko aukera izanen da: http://www.baztan.eus/wp-content/uploads/sites/56/2013/04/BAXERA-ESKAERA-EUS.pdf

 

- HONDAKINEN KUDEAKETARI DAGOKIONEAN:

• Sortutako hondakinak era egokian kudeatu beharko dira (gai organikoa barne). Udalean hondakinak bereizteko ontziak eskatzeko aukera izanen da.

 

- GARBIKETA:

• Eremu publikoa erabiltzen den kasuetan, hau aurkitu bezala utzi beharko da garbitasunari dagokionean, horretarako ekintzaren dimentsioetara eta sortutako zikinkerira egokitutako fidantza bat eskatuko delarik. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun