Bardoak ekimeneko lehendabiziko bi finalaurrekoak larunbatean izanen dira Anizen eta Tuteran

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 27a, 14:30
Anizko saioan Malerrekako eta Bortzirietako taldeak izanen dira aurrez aurre.

Malerrekako Bertsonautak eta Lesakako Arranopola ariko dira Baztango saioan eta Leitzako Atekaberts komeni eta Sakanako Sakaña Erriberakoan

Asteburuan abiatuko da 2020ko Bardoetako finalaurrekoen fasea. Lehen fasetik sei talde pasa dira finalaurrekoetara: Malerrekako Bertsonautak, Lesakako Arranopola, Leitzako Atekaberts komeni, Berako Lamixene, Barañaingo Hego Haizea eta Sakanako Sakaña. Sei talde horiek binaka antolatu dira, joan-itzuliko hiru kanporaketetan. Guztira, beraz, sei saio izanen dira finalaurrekoetan, joaneko hiru, eta itzuliko beste hiru. Horietan zehaztuko dira aurtengo hiru finalistak.

Larunbatean, otsailak 29, jokatuko dira, hain zuzen ere, joaneko lehen bi saioak, Anizen eta Tuteran. Lehenengoan, Bertsonak eta Arranopol taldeak izanen dira aurrez aurre. Anizko Elkartean izanen da saioa, 19:00etan hasita. Sei euroko sarrera izango du saioak, eta otordua eskainiko da bukatutakoan.

Tuteran ere 19:00etan hasiko da finalaurrekoetako saioa. Beterri Peñan izango da ekitaldia, eta han izanen dira kantuan Atekaberts komeni eta Sakaña taldeak, finalerako txartel bila. Doakoa da sarrera.

Saio hauetan bildutako puntuei, itzulerako saioetako eskuratzen dituztenak gehitu beharko dizkiete taldeek. Joan-itzuliko kanporaketa bakoitzean puntu gehien eskuratzen duen taldea izanen da finalerako sailkatzen dena. Hortaz, hiru talde izango dira martxoaren 28an Lizarran jokatuko den finalean. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian eta Lizarra Ikastolan zein Lizarrako AEK Euskaltegian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun