Usadioari eutsiz, oilar harrapatzea egin dute Arraiozen Orakunde Egunean

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 25a, 15:00

Joan den ortzegunean, otsailaren 20an, Orakunde Eguna ospatu zuten Arraiozen. Aurtengoan, udaberriko eguraldi paregabea lagun izan zuten herritarrek. Haurrek baserritar jantziak soinean hasi zuten eguna.

Goizean meza izan zuten eta ondoren, ohiturari jarraituz, herrian barna bueltaxka egin zuten musikaren laguntzaz eta herriko karrikak alaitu zituzten beren kantuekin. Eguerdian, bazkaria izan zuten herriko elkartean. Bertan haur, guraso, irakasle eta herriko alkate eta alkate-lagunek ohikoa den menuaz gozatzeko aukera izan zuten.

Arratsaldean, berriz, jokoak izan zituzten eta eguneko momenturik garrantzitsuena: oilar harpatzea. Hiru oilar harrapatu zituzten eta hauek izan ziren oilarrak harrapatu zituzten haurrak: ttikietan Gexan Lazkano Urtizbereak; ertainetan Anne Iturralde Zelaietak; eta haundietan Iker Ezkurra Navarrok. Eguna borobiltzeko txokolate beroa dastatzeko aukera izan zuten. Honekin aio erran zioten hurrengo urte arte Arraioztarrek Orakunde Egunari. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun