Gorramendin adin handiko bi mendizale frantziar erreskatatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 21a, 12:07
Erreskatean ibilitako kideak, adineko mendizaleen ondoan. Argazkia: Guardia Zibila.

Oronozko suhiltzaileek eta Guardia Zibilaren mendiko erreskate taldeak gauerdian aurkitu dituzte galdurik zeuden adineko bi mendizale frantziarrak, akituta eta hipotermia sintomekin.

Atzo gauean, Gorramendin galduta zebiltzan bi mendizale frantziarrek Paueko Jendarmeriara deitu zuten galduta eta noraezean zeudela jakinaraziz. Ondotik, Jerdarmeriak abisatuta, Guardia Zibilaren mendiko erreskate taldeak eta Oronozko suhiltzaileek parte hartu dute bilaketa lanetan.

Bilaketa eremura iristea zaila izan da, ezin izan baita ibilgailurik sartu. Hori dela eta, bilaketa oinez egin dute gauez, behe-laino lodiarekin eta 0 gradu inguruko tenperaturarekin.

Gaueko 12ak pasatxo zirela, aurkitu dituzte mendizaleak, akituta eta hipotermia sintomak zituztela. Izan ere, ibilgailuetaraino zeuden 5 kilometro inguruko ibilbidea egiteko indarrik ere ez zutela adierazi dute erreskatean ibili diren suhiltzaileek. Azkenean, erreskatatzaileen ibilgailuetara goizaldeko 2ak aldera iristea lortu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun