«Lotsak alde batera utzi eta ahalik eta hobekien pasatzen saiatzen gara»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 19a, 12:15
Ioritz Mitxeltorena Sansiñena

Ioritz MITXELTORENA SANSIÑENA
Elizondoko gaztea

Karrikak alaitzeko asmoz, pasa den urtean txaranga sortzea erabaki zuten Elizondoko Musika Bandako hainbat kidek. Tartean da Ioritz Mitxeltorena gaztea, «gaur gaurkoz hamasei lagunek osatzen dugu Tuku Tuku Txaranga». Saxofoia jotzen du bertan, «zazpi urte nituenetik jotzen dut. Ttikitatik izan dut musika ikasteko aukera eta orain arte ez naiz inoiz gelditu».

Abesti bakoitza behar den bezala jotzeko, «astero ez bada, bi astez behin» egiten omen dituzte entseguak eta orain arte, Elizondon eta inguruko herrietan aritu izan dira, «deitzen gaituzten guztietan».

Inauterietan ere musikari
Inauteriak ailegatzean ere, ez du saxofoia aparte utziko, «ostiral arratsaldean danborradan ateratzen gara musika bandako guztiak». Berreskuratu duten ekitaldia da danborrada: «aspaldi egiten zen, baina galdu egin zen ohitura. Duela hiruzpalau urte hasi ginen berriz egiten. Musika Bandako kideok haize-instrumentuak jotzen ditugu eta herriko jendeak danborra».
Danborradarekin besta giroa lehertzen bada ere, aitzinetik herrian mugimendua izaten dela azaldu digu: «nik ez dut inoiz parte hartu, baina badira urte batzuk moxorroak ateratzen direla puskak biltzera eta sekulako giroa izaten da. Gosariarekin hasten dira eta eguerdi arte ibiltzen dira eskean, musika joaz, dantzan eta kantuan». Arratsaldean, berriz, bi eskoletako haur, guraso eta irakasleak izaten dira protagonista: «desfilea egiten dute eta ni urtero ateratzen naiz ikustera».

Bestaren parte
Larunbatean, ikusle izatetik aktore izatera pasatzen da: «lagunartean karroza osatzen dugu eta goizean desfilea egiten da Santiago karrikan barna». Kuadrillako lagunek gogotsu hartzen omen dute eguna, «lotsak alde batera utzi eta ahalik eta hobekien pasatzen saiatzen gara». Joan den urtean, erraterako, ederki pasatzeko aukera izan omen zuten: «Grand Prixa irudikatu genuen eta mozorroa beragatik baino, egin genuen jokoagatik izan zen bikaina».

Zer hobetu
Inauteriek ez omen dute deus ere soberan, «hiru ekitaldi nagusi izaten dira eta hiruretan parte hartzeko aukera eman eta gonbidapena luzatzen dute». Gehitzekotan, berriz, «larunbat arratsaldean ekitaldiaren bat» jarriko luke: «karrozen desfilea egiten hasi zenean, goiz eta arratsaldez izaten zen desfilea. Badira urte dexente arratsaldeko desfilea egiten ez dela». Behin paperean sartuta, ez baita hainbeste kostatzen berriro ere fokupean jartzea. Eta aprobetxatu beharra dago, litekeena baita biharamunean lotsa bueltan etortzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun