Orakunde Eguna otsailaren 22an ospatuko dute Anizen

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 20a, 12:00
Haurrendako jolasak izanen dituzte larunbat arratsaldean.

Otsailaren 22an Orakunde Eguna izanen dute Anizen. Baserritarrez beztitutuak, zarea eskutan eta musikariekin, etxez etxe ibiliko dira. Zartagin dantza, bazkaria eta haurrendako jokoak ere izanen dituzte eta etxez etxe bildutako puskekin eginen duten afariarekin borobilduko dute eguna.

Haurrek eta gurasoek 10:00etan eginen dute hitzordua plaxa-xaharren. Etxez etxe ibiliko dira eta ondotik, zartagin dantza eta bazkaria izanen dute. 16:30ean haur jokoak izanen dituzte: globoak ipurdiarekin haustea, batak bertzeari hankatik dilindan duen globoa haustea, arroltzea kuxetan paratuta harat-honat joan-etorria egitea, zapatilak lotuta binaka itzulia egitea, zaku lasterketa, sagarra ausikika jatea... eta horiek denak egin ondotik, hondarreko jokoa oilarra harrapatzearena izanen da. Begiak tapatuak dituztela, oilarra frontoiko xokoren batean utziko dute eta inguruan daudenen erranei jarraikiz, oilarra harrapatu beharko dute. Harrapatzen duenak etxerat eramanen du. 19:30 aldera afaria eginen dute elkartean, etxez etxe bildutako puskekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun