Herriko inauteriak ospatuko dituzte asteburu honetan Iruritan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 19a, 17:15
50 bat laguneko kuadrilla ibili zen otsailaren 8 ta 9an baserrietako eskean.

Otsaileko bigarren asteburuan baserriz baserri zabaldu zuten inauteri giroa Iruritako gazte eta helduek. Asteburu honetan herrigunean entzun ahalko dira kantu, dantza, barre eta kontuak. Ortziralean eta larunbatean etxez etxe ibiliko dira eskean eta lagunartean bilduko dira bazkaldu eta afaltzeko. Besta borobiltzeko musikarik ere ez da faltako.

Otsailaren 21ean, ortziralean, gazte zein helduak elkartu eta etxez etxeko itzulia eginen dute. Iluntzean, indarrak berreskuratu eta bestari segida emateko afaria izanen dute Olari jatetxean. Larunbatean, otsailaren 22an, goizean bilduko dira. Etxez etxe ibiliko dira, bezperan bisitatu gabeko etxeetara joan eta horrela, herri guztian barna inauteri giroa zabaltzeko. Gero, bazkaria izanen dute Olari jatetxean eta dantzarako aukera ere ez da faltako, ostatuetan musika izanen dute arratsaldetik aitzinera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun