Gartzaingo inauteriak ospatuko dituzte ortzirale eta larunbatean

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 19a, 14:00
Bi egunetan, gosaldu eta etxez etxe ibiliko dira.

Inauteriak ate joka dituzte Gartzainen. Bi egunez, heldu den ortzirale eta larunbatean, mozorroak soinean, harat-honatean ibiliko dira. Larunbatean herritar zahar zein gazteak bilduta, afaria eginen dute elkartean.

Baserriz baserri
Otsailaren 21ean, ortziralean, 09:00etan bilduko dira Frantsenen. Bertan gosaldu ondotik, baserrietara joanen dira eskean. Baserrietatik Etxarri auzora joko dute lehendabizi eta Aixtegira gero. Akordeoiak girotuko ditu bazterrak. Buelta horrekin akituko dute eguna eta larunbatean indarberrituta egoteko, atseden hartuko dute.

Afaria elkartean
Larunbatean, berriz ere, sabela betez hasiko dute eguna. Herriko elkartean gosalduko dute. Segidan, trikitilariak lagun, etxez etxe ibiliko dira, herrian eta goitiko auzoan. Inauteriak borobiltzeko zaharrek zein gazteek afari ederra eginen dute. Afalondoa luzatu nahi duenak musika paratu eta dantzan ibiltzeko aukera izanen du. Egitarau xumea baina polita dakarte aurten ere Gartzaingo inauteriek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun