2015eko otsailean izandako erauntsiek hainbat hondamen egin zituzten Baztanen, tartean Beartzungo Urruxka alderat doan bidean. Horrela Susteaga errekari jarraikiz 35 metro luzeko harri-lubeta edo eskollera egin du udalak, erreka aldeko ezponda kontu ahal izateko. Harri-lubetak 5 metroko altuera du eta 2 metroko zabalera. Bidea ere zolaberritu du.
Denera 66.294,80 euroko inbertsioa egin du, proiektuaren idazketa, zuzendaritza eta egikaritzea kontuan hartuz. Idazketa eta zuzendaritza lanak LKSek egin ditu eta lanak Javier Altzugaraik.
Bertzalde, erauntsi berek Aritzakun aldeko Sumutsua alderdian lurmendia egin zuten. Horko bidea moldatzeko proiektua idatzia dago eta lanak esleituak, baina arrainak erruteko sasoia denez, ereiaroa artio lanak ez dira hasten ahalko. Sumutsuko lanak 334.854 euroko aurrekontua du. Lan horiek denak egiteko Baztango Udalako Toki Inbertsio Planeko laguntza du.
Aipagarria da, bertzalde, Baztango Udalak bere ardurapeko 1.200 kilometro inguru bide dituela.