Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdizko proiektua eta Baztanen etorkizuna ez direla bateragarriak dio Erdiz Bizirik plataformak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 14a, 12:00

80 abeltzain inguruk 500 behi, 250 behor eta 1.500 ardi bazkatzen dituzte urtero Erdizen.

Erdizen 90 hektareako aire zabaleko meategi irekia egitea proposatzen du Magnesitas de Navarra multinazionalak

Erdiz Bizirik plataformatik eskuorri bat banatu dute Magnesitas de Navarrak Erdizen eraiki nahi duenaren berri herritarrei erakusteko, «proiektu honek Baztanen sortuko lituzkeen kalteak eta aire zabaleko meategiek zein ondorio dituzten erakusteko».

Izan ere, 2019ko ekainean Magnesitas de Navarrak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan memoria bat aurkeztu zuen, berriz ere, Baztango Erdizko parajean magnesitako meategi bat eraikitzeko asmoarekin. Memoria honek Ingurugiro Eraginaren aldeko txostena lortzea du helburu. Memoria honen aitzinean Baztango Udalak iradokizunak aurkeztu ditu. Hurrengo hilabeteetan enpresak proiektua aurkeztuko du eta alegazioak egiteko epea irekiko da.

Aurkeztutako memorian Magnesitas de Navarra multinazionalak 90 hektareako aire zabaleko meategi irekia egitea proposatzen du. Erdiz Bizirik Plataformaren erranetan, «horri gehitu behar zaio meategiaren inguruan sortuko lukeen kaltea, Zubiri ingurua ikusi bertzerik ez dugu hori ziurtatzeko. Urtean 570.000 tona material atera nahi dituzte, materiala xehatzeko eta bereizteko instalazioak eraiki, GR11 desbideratuko duen pista berri bat eraiki nahi dute, eta 14 kamioi ibili nahi dituzte Artesiagako bidean barna 104 bidaia eginez egunean».

Memoria honetan ageri denez, bertze gauzen artean, enpresak ustiaketa lur azpitik egitea beraientzat ¨bideragarria¨ ez denez kanpotik egin nahi dute, «horrek ekarriko lukeen hondamendia aintzat hartu gabe». Proiektuak hartzen duen lurren jabegoa ere zalantzan paratzen dutela dio Plataformak, «Baztangoa dena, Erregerenaren Mankomunitatekoa dela erranez».

Berriz ere oroitarazi nahi dute Erdizeko parajea Natura 2000 sarearen barnean dagoela eta bere balio ekologikoarengatik babestua dagoela. «Proiektu honek ekarriko lituzkeen kalteak ikaragarriak izanen lirateke –dio Erdiz Bizirik Plataformak–. Bertzeak bertze, espezie babestuen desagertzeko arriskua (loreak, txoriak, ugatza, uhandreak, muturluzea, ...), iturriak galtzea eta uraren kutsadura, materiala xehatzen eta garraiatzen hedatuko den hautsa, asotsa, bibrazioak, leherketen burrunbak... Balio handiko ingurua erraustuko luke, eta xahutu ondotik, baztandarrei kalte eta hondakinak utziz joanen dira».

Plataformaren arabera, «aldaketa klimatikoa ukaezina den garai hauetan ezin dugu proiektu hau onartu, are gehiago hainbat urtetan Nafarroako enpresarik kutsagarriena izan delarik Magna. Espainiar Estatuko Isurketen eta Iturri Kutsakorren Erregistroak emandako datuen arabera, Magnesitas de Zubiri da Nafarroan atmosferara azufre dioxidoa (SO2) gehien isurtzen duen enpresa da eta nitrogeno dioxido isurketan, berriz, bigarrena».

 

465 Hektareako bazkalekua

Erdizko bazkalekuak 465 hektarea ditu. Horietatik 120 oihan, 150 belardi-otea, eta 190 azienda bazkatzeko belar hoberena. Azken honetan planteatzen dute proiektua, 190 hektarea horietatik 90 proiektuaren barne geldituko lirateke. «Oroitarazi behar dugu –dio Plataformak– bazkaleku hau ezinbertzekoa dela Baztanen nekazari gehienak aitzinerat ateratzeko, baino batez ere nekazari profesionalendako. 80 abeltzain inguruk 500 behi, 250 behor eta 1.500 ardi bazkatzen dituzte urtero Erdizen. Erdizko bazkalekua ekologikoa izateaz gain, Baztanen dagoen bazkatoki alpino-kontinental bakarra baita».

Proiektu honek mendez mende iraun duten nekazarien lanpostuak ez ezik, nekazaritzaren inguruan gaur egun iraunkorrak diren bertze hainbat lanpostu ere kolokan paratuko lituzkeela uste du Erdiz Bizirik taldeak: «Horien artean harategietan, hiltegian, tailerretan, nekazal kooperatibetan, landa etxe eta ostatuetan eta bertako merkataritzan gaur egun dauden lanpostuak. Ez dugu atzendu behar bertako nekazaritzak, neurri handi batean, mantentzen duela inguruko paisaia zein bizimodua, eta gure kulturaren ardatza dela».

Proiektu honekin Zubiriko 200 lanpostuak “salbatu” eginen dituztela diote eta proiektu honek irauten duen bitartean (20 bat urte) 50 lanpostu sortuko omen dituzte. Erdiz Bizirik Plataformak dioenez, berriz, «balizko lanpostu berri horiek denboran mugatuak diren bitartean suntsituko zituzten lanpostuak iraunkorrak eta jasangarriak dira. Meatzaritzaren historia ezagututa ez du inongo zentzurik horrelako lanpostuen aldeko apostua egiteak gaur egun. Meatzaritza definizioz epe mugatuko aktibitatea da. Ezin ditugu mendi guztiak desegin, nekazaritza desagerrarazi, edaten dugun ur guztia kutsatu, lanpostu horiek mantentzearen aitzakiarekin».

Horregatik Erdiz Bizirik plataformatik, baztandar zein lurraren defentsan ari diren herritar guztiei dei egiten diete hurrengo hilabeteetan burutuko dituzten ekintzetan parte hartzera. «aitzineko aldian bezala, herritarren indarrez bakarrik gelditzen ahal dugulakoz multinazional esplotatzaileak eta beren menpe dauden agintariak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun