Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko proiektuak eraginen lituzkeen kalteen inguruan informazioa hedatu du Aroztegia eta gero zer? Plataformak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 13a, 18:00

Aroztegiko proiektuaren inguruan oraindik hainbat auzi argitzeko daudela oroitarazi du Aroztegia eta gero zer? Plataformak.

Hurrengo hilabeteetan proiektu honen kontra burutuko diren ekintzetan parte hartzerat deitu dituzte herritar guztiak

 

Urte berria hasi den honetan Aroztegia eta gero zer? Plataformatik «Aroztegiko pelotazo urbanistikoaren» inguruko egoeraren berri emateko informazioa zabaldu dute, «eragin nahi den kaltea» ohartarazteko. Plataformaren idatziaren arabera, «Aroztegiko pelotazo urbanistikoa egiteko, ez-urbanizagarri ziren 40 hektarea lurra urbanizagarri bihurtu zuten. Hori egin ondotik, Lekarozen, 340 inguru biztanleko herrian, luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitza eraiki nahi dituzte».

Proiektu hau UGPS (Udalez Gaindiko Plan Sektoriala) bitartez inposatu zela dio Aroztegia eta gero zer? Plataformak, «modu honetan herriko nekazariei beren lurrak kenduz, herri lurrak bereganatuz eta Lekarozko herriarena izan den ermita,  baimenik gabe proiektuan sartuz. Hau dena egiteko, Baztango instituzioen erabakitzeko ahalmenaren gainetik pasatu dira, nahiz eta Baztango Batzar Nagusiak, Baztango Udal Gobernuak, Lekarozko herriak eta Baztan osoak herri galdeketaren bitarteaz argi eta  garbi erran duen proiektu honen aurka dagoela, behin baino gehiagotan gainera».

Proiektu honek Baztango egitura sozioekonomikoa hankaz goiti paratuko lukeela dio bertze behin Plataformak: «Horrelako proiektu urbanistikoak euskararen arnasguneetan eragiten duen kaltea nabarmena izaten da».

Plataformak dioenez, «baztandarrek prozesu parte hartzaile baten bitartez onartutako Hirigintza Planarekin erabat hausten du proiektuak. Lekarozen dagoen uraren arazoa larriagotuko luke.  Zer erranik ez, proposatzen diren lanpostuen izaera prekario eta behin-behinekoa». 

Palacio de Arozteguia, S.L enpresaren  gibelean daudenak ere aipatu ditu idatzian Plataformak, «alde batetik,  Inmobiliaria Caixa Galicia dago (Partizipazioaren %51rekin), banku hau, herritarrenak ziren 9.000 milioi eurorekin erreskatatutako bankua izanik. Bertze aldetik,  Salvador Urbistondo Arotzarena, Arotzarena Marin anaiak (SICAVen jabe eta iruzur fiskalagatik kondenatuak hauen artean) eta Eduardo Zubikoa Viela, bertzeak bertze. Hauek berak, La Olivan (Fuerteventura) eta Arrollalekun (Erratzu-Baztan), antzeko pelotazo urbanistikoak egin zituzten  eta toki babestua zena porlanezko hilerri bihurtu dute gaur egun. Hori egin ondotik enpresak desegin eta ardura guztiak bertzeengan utziz “desagertu” dira». 

 

Hainbat auzi konpontzeko

Gaur egun, obrak hasi behar dituztela erranagatik, hainbat auzi konpontzeko daudela ere aipatu du Aroztegia eta gero zer? Plataformak: «Berriki Baztango Udalak Lekarozko herriaren eskariz ermitaren jabetzaren inguruko auzia irabazi du. Epaitegiak argi eta garbi erran du enpresak ermita proiektuan berea balitz bezala paratu badu ere, ez duela frogatu berea denik. Obren esleipenean ere, LAB sindikatuak prozedura horren kontra paratutako helegitea irabazi du, esleipen horrek kontratuen legea betetzen ez duela erakutsiz. Azkenik, Hotelaren obren proiektuak Nafarroako Ondasun departamentuko Principe de Vianaren kontrako txostena du. Beraz, ez du araudia betetzen. Bide luze honetan behin eta berriz ikusten ari gara promotoreek lege eta araudiak bete gabe ere, inpunitate osoz egiten dutela aitzinerat».

Azkeneko jokaldia Hilton Hotel katearen babesa lortu dutela izan dela aipatu du Plataformak. «Gauza positibo bezala saldu nahi digute –diote idatzian–, bertze diru gose aseezina duen multinazional baten mesedetarat  jarri nahi gaituzten bitartean. Hilton Hotel kate estatubatuarrak berriki hainbat salaketa jaso ditu AEBetako epaitegietan. Alde batetik, haurdun dauden langileen eskubideak ez errespetatzeagatik. Bertze aldetik, 13 emakumek sexu trafikoarekin etekinak ateratzeagatik akusatu dute hotel kate hau, horien artean batzuk adingabeak dira. Eta guk sinesten ditugu! Hau al da ¨bertako emakumeendako¨ eskaini nahi dizkiguten lanpostuak?».

Hau dena guti balitz, 2018. urtera artio Hilton hotelen kateko akziodun garrantzitsuenetako bat, Blackstone Group multinazionala izan dela ere oroitarazi dute, «Donald Trumpen kanpainak babesteagatik eta Amazoniako deforestazioan izaten ari den arduragatik ezaguna. Nazio Batuetako Negozio eta Giza Eskubideen txostenak egiten dituztenak,  multinazional hau alokairuak neurrigabean igotzeagatik eta etxe-gabetze bortitzak aitzinerat eramateagatik ere salatu dute». 

Beraz, Baztan «espekulazio iturri eta aberats guti batzuendako parke tematiko bihurtu nahi duten horien aitzinean», Aroztegia eta gero zer? Plataforma herritarren Baztan defenditzen segituko du. «Gure herria, gure hizkuntza, gure lurra eta gure erabakitzeko eskubidea defendituko dugu. Testuinguru honetan kapitala edo bizitza aukeratzeko momentua da, guk bizitza aukeratzen dugu. Hortaz, herritar guztiak deitzen ditugu hurrengo hilabeteetan proiektu honen kontra burutuko diren ekintzetan parte hartzerat», diote idatzia akitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun