Produkziorako laguntza ikastaroa antolatu dute Lekarozko Melitón Estudioetan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 13a, 19:00
Larunbatetan goiz-arratsaldez eta igande goizetan eskainiko dute ikastaroa Meliton estudioetan.

Otsailaren 29tik martxoaren 29ra eginen dute, 65 orduko iraupenarekin

Lekarozko Melitón Estudioak zinemako plato estreinatu berrietan produkzio-lanekin eta langileen prestakuntza saioekin hasiak dira. Oraingoan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskutik, produkziorako laguntza ikastaroa antolatu du Melitón Estudioetan. Zinean eta ikus-entzunezko produkzio mota guztietan lan egin nahi duten ikasleentzat, langileentzat edo langabeentzat da, bereziki produkzioaren arloan.

Etorkizuneko ekoizpen zinematografikoetan lana eskain diezaieketen pertsonak prestatzea eta ezagutzea da helburua. Ikastaroan modu teorikoan eta praktikoan landuko dira ikus-entzunezko hizkuntza, garapena, aurreprodukzioa eta filmazioen kudeaketa eta antolaketa.

 

65 orduko iraupena

Hogei lagunentzako lekua du Lekarozen eskainiko den ikastaroak  eta 65 orduko iraupena du, bortz asteburutan banatuta, otsailaren 29tik martxoaren 29ra, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara eta igandetan 10:00etatik 15:00etara. Ikastaro honetarako baldintza ordenagailu eramangarri bat ikasgeletara ekartzea da eta hura erabiltzeko oinarrizko ezagutzak izatea.

Ikastaroa emanen duten irakasleak adituak dira zinema eta ikus-entzunezko produkzioan. Ikasleak hautatzeko eskaera aztertuko da eta eskatzaileei jakinaraziko zaie ikastaroan onartuak izan diren ala ez.

Izena eman nahi dutenek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren web orriaren bidez egin beharko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun