2016an egin zuen lehenengoz deialdia Baztango Udalak, Baztango ikasleen artean Baztani eta Baztango etorkizunari buruzko kezka eta interesa piztu eta, beraiek egin beharreko lanak edo proiektuak helburu horretarako egiteko. Proiektuak eta lanak bakoitzaren ikasketa arlokoak izanen dira.
Deialdian parte hartzeko ikasleek, eskariarekin, proiektuaren edo lanaren memoria aurkeztu beharko dute, gehienez lau orrikoa. Bertan helburuak, metodologia, iturriak, oinarrizko bibliografia… zehaztu daitezke. Memoria honek ikasketa akaberako proiektu eta lanaren tutorearen ongi ikusia beharko du.
Aurkeztutako memoriak eta proposamenak helburu horrekin osaturiko batzordeak baloratuko ditu. Bertan Elizondoko lanbide eskolako zuzendaria, Lekarozko ikastetxeko zuzendaria, Cederna-Garalurreko teknikaria, Baztango alkatea eta udal idazkaria egonen dira. Batzordeak arloko adituekin kontsultak egiten ahalko ditu.
Eskariak aurkezteko epea Nafarroako aldizkari ofizialean argitaratu eta hilabete batekoa izanen da, beraz, martxoaren 13a artiokoa. Udaletxeko webgunean ere oinarriak eskuratzen ahalko dira eta edozein zalantzetarako udaletxerat joaten ahal da.