«Gazteok intentsitate handiarekin bizi ditugu inauteriak»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 13a, 12:30

Saioa Igoa (ezkerrean) bere lagunekin, inauterietako etxez etxeko bueltan.

Besta izateko, lan egin behar. Halaxe ibili da orain artean Saioa Igoa (Ziga, 2001), «bertze herritar batekin, elkarlanean» inauteriak antolatzen aritu gara: «musika eta otorduak lotuak ditugu».

Antolatze-lanak akituta, inauteriak ailegatzeko esperoan, «gogotsu» dago Igoa. Liburuak utzi eta Zarauztik sorterrirantz joateko prest da, bihar eta etzi herritarrez eta herritarrekin inauteriez gozatzeko: «besta arront gustukoa dut eta inauteriak oraindik gehiago».

«Bereziak eta bakarrak» dira herriko inauteriak zigatar gaztearendako: «gaztetxook intentsitate handiarekin bizitzen ditugun egunak dira inauterietako ortziralea eta larunbata». Goizean goizik, blusa koloretsua gerruntzean loturik «eta osagarri irri emangarri batzuk jantziz», etxez etxe ibiltzen dira bi egunetan: «etxe bakoitzean janari eta edariekin ongietorria egiten digute».

Kantuz eskertu

Jan-edanen truk eta trikitixa zein panderetaren erritmoa lagun, «ateak irekitzen dizkiguten etxeetako herritarrekin batera kantak kantatzen» dituzte. Buelta horretan, «bigarren urtea» izanen da Igoarentzat: «normalki 17 urte ditugularik hasten gara ibilbide hau egiten eta 32 urte inguru arte ibiltzen gara».

Etxez etxeko bueltaren aitzakian «lagunekin elkartzea eta giro horretaz gozatzea» du gustuko. Ez da hori, ordea, inauteriek duten momentu polit bakarra: «larunbatean herri-afaria antolatzen dugu». Kasu horretan, «gazte eta helduek, nahi duten guztiek» izena emateko aukera izaten dutenez, «50 lagun inguru» biltzen dira.

Afalondoan, mahaiak bildu eta dantzaldia izaten dute: «guztien artean trasteak baztertu eta musikariari txoko bat egiten diogu…». Kantuak eta doinuak dira giroa bizitzeko bitarteko eta, horren musikaren laguntzaz, «gazteok adinekoak animatzen ditugu». Ostaturik gabe, ostatu egarriz ez gelditzeko, «edariak zoko batean paratzen dituzte eta norberak izaten du nahi duena hartzeko ardura, baita hartutakoa ordaintzekoa ere». Dantza eta trago, ohartu orduko pasatzen zaizkie orduak: «goizaldeko laurak pasatuak izaten dira musika akitzen denerako».

Haurrek ere badute gozamenerako tarterik. Ortziralean, gazteak etxez etxe dabiltzan bitartean, Orakunde Eguneko jolasetan ibiliko dira. Larunbat ilunabarrean, berriz, «musika taldearen bueltan» herritar guztiek bat egiten dute: «haurrak dantzaldian daudelarik, gu, mozorroak jantzita, eurengana joaten gara». Mozorroa ez da kezka, aitzakia baizik: «egun batzuk lehenago pentsatzen dugu. Aurpegia tapatu eta trapu zaharrak jantzita, mozorro originalak osatzen dira. Ongi pasatzeko bide ematen dute eta horrekin aski dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun