Konpromiso ttikien kanpaina abiatu du Arras Baztan Fundazioak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 12a, 17:00
Arras Baztan Fundazioko kideak, eguerdian Baztango Udalean egin duten aurkezpenean.

Gaur, otsailaren 12an, aurkeztu du Arras Baztan Fundazioak Konpromiso ttikien kanpaina. Helburua, edonoren eskura diren ekintza ttikiak kolektiboki pentsatu eta egitea dela azaldu dute: «eguneroko hautu kontzientearen bidez tokiko ekonomia indartzea, lurraldearekin eta herritar guztien ongizatearekin konprometiturik.  Gure buruak aldatzea, bizitzeko toki hobea sortzeko. Eta horregatik ezagutu gaitzatela».

Baztan hobetzeko agenda positiboa sortu nahi dute, «oraingo erronka globalekin bat eginez,  aldaketa handien aldi honetarat tokiko mailatik egokitu nahi dugu».

Bortz arlotan ekintza zehatzak
Hasteko, bortz arlo hautatu dituzte: «hondakinak, energia, ura, elikadura eta euskara» eta ekintza zehatzak proposatu: «hondakinetan, organikoa bereizteko konpromisoa hartzea eta horren enbaxadore izatea; energian, norberaren lantegian LED argiak paratzea eta ahal dela berrerabilgarriak izatea; urari dagokionez, bakoitzaren jardueratik plastikozko ur-botilak kentzea edo ostatuen eta saltokien kasuan, plastikozkoak baztertu gabe kristalezkoak ere eskaintzea; elikaduran Baztango esnea erabiltzen duten markak kontsumitzea (Jauregia, Kaiku eta Lacturale) eta euskara arloan ordainagiri, faktura eta tiketak euskaraz ere egotea».
Aunitzek gaurgero aipatutako konpromiso horiek betetzen dituzte, baina berrikuntza, «pausoak kolektiboki eman» nahi dituztela da, «konpromiso ttikien kanpaina eginahal handi baten hasiera bertzerik ez da».
Arras Baztan marka, «ekintza konkretu zehatzen bidez gure burua eta lurraldea hobetzeko erreminta» izatea nahi dute.    Tokiko ekonomia indartu nahi dute, «eragileen arteko harremanak indartuz, elkarlanerako giroa sortuz eta bertako produktu eta zerbitzuak lurraldearen hobekuntza eta aldaketa positiboarekin lotuz». Hala, Arras Baztan Fundazioko kideen aurkezpen txartela, «XXI. Mendeko landa eremu bizia izanen da».

Konpromiso irmoa
Aipatutako neurriak betetzen dituztela neurtzeko parte hartzaileek konpromiso-agiria sinatu beharko dute eta ondotik Arras Baztan fundazioko patronatuak begirale eta ikuskatzaile lanak eginen dituzte: «erraten dugun hori betetzen dugula bermatzeko eta betetzen ez delarik zergatik betetzen ez den esplikatu ahal izateko».
Denera Baztango 60 eragile ekonomiko baino gehiago biltzen dira Arras Baztan Fundazioan: «ekoizleak, artisauak, merkatariak, zerbitzuak, ostalariak, alojamendu turistikoak… Herritarrek ekonomian eragiteko duten tartea edo aukera baliatu nahi du Arras Baztan fundazioak, «joko-tarte mugatua izanagatik parte hartuko duten bailarako eragileen eskuetan dagoelako, bertze hirugarrenen zain egon gabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun