Aritz Alundak eta Gorka Urtasunek irabazi dute Euskal Herriko lehen mailako paxaka txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko ots. 10a, 13:00
Alunda eta Urtasun txapeldunak eta Ourkia eta Usarralde txapeldunordeak, sariak banatu ondotik.

Igandean Zuraiden jokatutako finalean, Laxoa Elkarteko bikoteak 13-9 irabazi zien Urruñako Ourkia eta Usarralderi

 

Laxoa Elkartearentzat garaipen historikoa lortu dute Aritz Alunda arraioztarrak eta Gorka Urtasun iruritarrak. Lehen aldiz, Euskal Herriko lehen mailako paxaka txapelketearen finalerako txartela lortu zuten eta, gainera, finala irabazi zuten igandean Zuraiden. 13-9 irabazi zieten Urruñako Cristian Ourkia eta Olivier Usarralderi.

Lehia estua espero zen eta halaxe suertatu zen. Lehenbiziko fasean Urruñakoek 13-6 irabazi zieten baztandarrei, baina Laxoa Elkartekoek bazuten itxaropena finalean kontuak aldatuko zirela. Lehia gogorra izan zen eta horren erakusgarri lehenbiziko jokoa: 15 minutu behar izan zuten urruñarrek irabazteko eta bigarrena ere beraientzat izan zen. 0-2koaren ondotik, 3-2, 3-3, 4-4, 6-4, 6-7, 7-7 eta 8-8ko berdinketara bitarte ezin parekatuago ibili ziren, baina lau joko segidan eginez (12-8) hautsi zuten lehia baztandarrek, azkenean 13-9 irabazteko, ordu eta erdiko lehiaren ondotik.

Lehendik ere arituak dira Laxoa Elkarteko pilotariak Euskal Herriko paxaka txapelketan. Bigarren mailako txapelketa ere irabazi zuten duela urte batzuk Iruritako Oskar Urrutiak eta Guillerko Etxenikek. Baina lehen aldia izan da, lehenbiziko mailako txapelketaren finalera ailegatu eta irabazten dutela.

 

Aurten bi bikote

Baztan Errekako Paxaka txapelketa abenduan bukatuta, Laxoa Elkarteko bi talde Euskal Herriko Paxaka txapelketan parte hartu dute.

Laxoa Elkarteak antolatzen duena ezker paretako pilotalekuan hirunaka jokatzen bada, Euskal Herrikoa binaka trinketetan, gehienbat Iparraldekoetan jokatu da. Laxoa Elkarteko bi taldeek etxeko partidak Elizondoko Antxitonea trinketean jokatu dituzte.

Erratzuko Manu Irigoien eta Iruritako Egoitz Prim (Elizondoko Juan Mari Maia ere aritu da) bigarren mailan aritu dira. Lehenbiziko fasea erraz gainditu ondoren, final laurdenetan Senpereko S. Etcheverry eta P. Benjamin bikotearen kontra 9 eta 13 jokoz galdu zuten.

Aritz Alunda arraioztarra eta Gorka Urtasun iruritarra berriz, lehenbiziko mailako finaleko txartela eskuratu zuten Azkaineko trinketean final erdiko partidan Senpereko Iciaga anaien kontra 13 eta 10 irabazi ondoren.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun