«Inauterietako bizitasuna egunerokoan izan beharko genuke»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 7a, 09:30
Eider Bidegain arizkundarra.

Eider BIDEGAIN ZUBELDIA    Arizkungo gaztea

Nor da Eider Bidegain?
21 urte dituen Arizkungo gazte marisaltsera.  

Zer egiten duzu egunerokoan?
Astegunez goizetan haur bat zaintzen dut, arratsaldetan, berriz, soziologia ikasten ari naiz.

Eta denbora librean?
Lagunekin planak egitea gustatzen zait, bereziki, kontzertuak ikustera joatea. Tarteka besta egitea ere gustuko dut, nahiko bestazalea naiz.

Laster inauteriak dituzu... Nola bizi dituzu egun horiek?
Ilusio handiz. Data ailegatzear delarik, urduritasuna sumatzen dut... 18 urtetik goitiko guztiak baserriz baserri eta etxez etxe ibiltzen gara, taldeka eta denak berdin jantzita. Ilunabarrean denak herrian elkartzen gara, elkartean afaldu eta besta egiteko.  

Egunez edo gauez gozatzen duzu gehiago?
Inauterietan eguneko besta nahiago izaten dut, polita da lagunekin etxez etxe ibiltzea. Batetik bertzera oinez goazela kantari eta dantzan... giro ederra sortzen dugu. 

Zein da inauterietako momentu bereziena?
Bi aukeratuko nituzke. Batetik, igandean eskean hasi aitzinekoa, dugun gogo eta urduritasunagatik eta, bertzetik, astearteko desfilean hartza ateratzen den momentua, denak esperoan egoten garelako.

Oroitzapen politena noizkoa duzu? 
Eskean hasi nintzen urtekoa   akaso. Igande hura berezia izan zen, kuadrilla osoa auzo batera joan ginen eta sortu genuen giroa arras polita izan zen...      

Nolako giroa izaten da herrian?
Herritarrak karrikara atera eta herriari, plazari, bizitasuna ematen diogu... Lagun guztiak elkartu eta elkarrekin bestaz gozatzen dugu. Biltzeko aitzakia dira inauteriak eta hori arras polita da.

Zer du Arizkunek bertze herriek ez dutena?
Txoko polit anitz ditu... Bat aukeratu beharko banu Lamiarrita. 

Eta falta?
Egunerokoan bizitasun gehiago izatea.

Amets bat?
Milaka ditut, bat erratekotan nire furgoneta izan eta munduan barrena bidaiatzea, bertze hizkuntza batzuk, kulturak, pertsonak... ezagutuz.   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun