«Administrazioek ez dute inklusioaren aldeko jarrera argirik»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 9a, 11:00

Sortzez hondarribiarra baina sentimenduz baztandarra da Kattalin Ezkerra Sobrino, eta lanbidez hezitzailea.

Kattalin Ezkerra Sobrino, behar bereziko ikasleen hezitzailea

Ikasketak akitu zituenetik behar bereziko haurrekin hezitzaile gisa lan egiten du Ezkerrak eskola publikoetan. Benetako inklusioa lortzeko hezkuntza sistema tradizionala aldatu behar dela dio.

Ahoz aho dabil hezkuntza inklusiboaren gaia. Eztabaidarako iturri da anitzendako, kezka iturri bertzeendako eta gaia arrotza egiten zaionik ere bada. Administrazioak hezkuntzan inklusioa helburu duela dio, eta hezkuntza komunitateko kideek ere hala izan behar duela erraten dute. Kattalin Ezkerra Sobrino hezitzaileak, ordea, argi du ikastetxeetan ez dagoela inklusioa bermatua. Are gehiago, 12 urtez hezkuntza publikoan behar bereziko haurrekin hezitzaile gisa lan eginez, «irakasle anitzek inklusioan gehiago sinetsi beharko luketela» ondorioztatu du.

 

Nolakoa da hezitzaileen lana?

Behar bereziak dituzten ikasleek autonomia lortzeko lan egiten dugu. Normalean, ikasgela arruntetan aritzen gara, tutorearekin elkarlanean, eta bertze zenbaitetan behar bereziak dituzten ikasleentzat bakarrik diren gela egonkorretan. Batez ere, autonomia pertsonalean eta sozialean jartzen dugu arreta, ikasle horiei laguntza eskainiz: curriculumerako sarrera ahalbidetzen pasatzen dugu denbora gehien, baina horrez gain, komunera joateko edo jangelan bazkaltzeko laguntza eskaintzen diegu, lagunen arteko hartu-emana sustatzen dugu... Garun paralisia, Down sindromea, autismoa, gaixotasun arraroak, ezintasun fisikoak, garapenean nahasteak... Beharra edozein dela ere, gela barrenean ikasle horien inklusioa bermatzea da gure helburua. EAEko kasuan, 80ko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak, lege bidez, haur guztiei eskolaratze prozesu arrunta edukitzeko eskubidea onartu zienean sortu zen gerora gure figura izan dena, ordura arte zentro berezietan zeuden ikasleak eskoletara joaten hasi zirenean. Hasmentan, batez ere arreta soziosanitarioa eskaintzearekin lotua zegoen gure lana; gaur egun, berriz, ikasleen autonomia lantzea da helburua. Behar berezia izateak ez du erran nahi ikasle horrek behar bereziak dituenik eskolako egoera guztietan. Batzuetan laguntza berezia beharko du eta bertzeetan ez. 

Aniztasun funtzionala duten ikasleen hezkuntza sistemarekin kritiko agertu izan zara...

Bai, segregaziorako joera sumatzen delako. Gero eta gela egonkor gehiago irekitzen ari dira eta irakasleen artean maiz aditzen dira 'ikasle honek hemen ez du deus ere egiten eta hobeki egonen litzateke bertze nonbait' bezalako solasak. Irakasleen artean nolabaiteko ezintasuna nabari da, ezjakintasunetik abiatzen dena, eta aniztasun funtzionala dutenek segregaziorako bidea hartzen dute. Egia da ikasle batzuk gela egonkorretan erosoago daudela, baina hezkuntza sistemak alderdi guztietatik inklusiboa izan beharko luke. Jatorriaren araberako segregaziorik ez genuke beharko, ezta aniztasun funtzionalaren araberakorik ere. Horrek lanketa sakona eskatzen du.

«Administrazioak dirua murrizteko laguntzak kentzen ditu»

 

Nolakoa behar luke hezkuntza sistemak?

Eskolek eskumen gehiago behar dituzte; administrazioak behar adina baliabide eman beharko lizkieke eskolei eta langileek formakuntza behar dutelakoan nago. Praktika berritzaileak behar dira, lanerako gogoa, eta egiten denean sinetsi. Gelak irekiagoak behar lukete, mugimendua eta elkarrekintza ahalbidetzen dutenak, bakoitzaren ahalmenetara egokitutakoak eta bakoitzaren erritmoa errespetatzen dutenak. Ikasle guztiak irakasleari begira jarri eta irakaslearen azalpenak adituz eskolak emateko formatu hori ez da ikasle guztientzat egokia. Eta benetan inklusioan sinesten badugu, dena aldatu behar da. Gaian interesa duten irakasleek pedagogia berritzaileekiko apustua egiten dutenean, behar bereziko ikasleak ere anitzez hobeki moldatzen dira. Hori, gaur egun, irakaslearen edo eskolaren borondatearen araberakoa da baino ez da, sistemak ez du hori bultzatzen.

Hortaz, ohiko ikasteko formatua  ez zaizu egokia iruditzen...

Ez. Solas egiteko gaitasuna, geldirik eta isilik egotekoa eta paper gainean lan egitekoa. Horiek dira ikasleei eskatzen zaizkienak, eta horietakoren batean huts egiten badu, gela egonkorrera bideratuko dute.  Lotsagarria iruditzen zait. Kontua ez da ikasleak ez duela gaitasunik zerbait barneratzeko, baizik eta bide arruntetik ez duela barneratzen.

Nola erabakitzen da ikasle batek laguntza behar duen ala ez eta zenbateko laguntza behar duen?

Azken hitza aplikazio informatibo baten esku dago. Ikasle batek gelako ohiko martxari segitzen ez diola-eta arreta deitzen badu, lehenbizi eskolan behaketa bat egiten diote. Gero, EAEko kasuan bederen, Berritzeguneko aholkulariak jaso duen informazioaren arabera balorazio bat egiten du eta horren baitan informazio guztia aplikazio informatiko batean sartzen du. Aplikazio horrek erabakitzen du ikasle bakoitzari zenbateko laguntza esleituko zaion.

Eta gurasoen papera zein da?

Gurasoak ez daude behar bezala informatuak. Eskolak nahiko itxiak dira, hartu-eman guti dute gurasoekin eta hauek ez dute jakiten hezitzaileok seme-alabekin zenbat orduz aritzen garen lanean edo PTak zenbat orduz ikusten duen... Nolako laguntza edukiko duen erraten zaie baina denboraren berririk edo informazio zehatzik ez dute, eskolak berak tokatu zaizkion baliabideak bere beharren arabera banatu ditzakeelako, eta agian bati zegozkion orduetako batzuk bertze ikasle bati ematea erabaki duelako. Gurasoekin harreman gehiago izanen bagenu, ikaslearen prozesuaren inguruko informazio anitz lortuko genuke. Nire kasuan, ikasle batekin lanean hasten naizenean, informazioa garatzeko beretzat baliagarri diren bideak zein diren konturatu arte hiruzpalau hilabete pasatu ditzaket eta oraindik ere ez dut ongi ezagutuko. Gurasoekin maizago solas egin eta eskolara gehiago sartzen utziko bagenie, segur aski emaitzak hobeak izanen lirateke.

«Ohiko ikasteko formatuak ez du balio ikasle guztiendako»

Zein baldintzatan ari zarete hezitzaileak?

Lanez gainezka, gero eta ikasle gehiagorekin, eta egonkortasunik gabe. 12 urte daramatzat lanean, eta iaz egonkortu nintzen eskola batean, baina oposizioak egin arte. Horrek erran nahi du 12 urteotan hainbat eskolatan ibili naizela, ikasle pila eduki ditudala, baina ez dudala ikasleak sakonki ezagutzeko aukerarik izan. Horrek ez du kalitateko hezkuntza bermatzen. Ikasle baten garapenean bera ezagutzea garrantzitsua da eta daukagun sistema honetan egonkortasuna ez da existitzen.

Bada Hezkuntza inklusiborik?

Ez, eta gainera, administrazioek ez dute inklusioaren aldeko jarrera argirik. Zaila ere bada, 20 ikasleko talde batean, zailtasunak dituzten ikasle batzuk baldin badira eta gainera behar bereziko ikasleren bat ere baldin badago, irakasleak ezin du behar bereziko ikasleaz behar bezala arduratu.

Behar bereziko ikasleak baztertuak direla erranen zenuke?

Bai, eta hori jendartean ere nabari da. Aniztasun funtzionala dutenek gizartean duten tokiaren isla da hezkuntza.

Zergatik ez da behar adina laguntza eskaintzen?

Garesti ateratzen delako. Kalitateko hezkuntza ez da merkea, eta administrazioak dirua aurrezteko laguntzak kentzen ditu. Kalitateko hezkuntza edozein ikasleren mesederako izanen litzateke, behar bereziak izan ala ez, jakintza norbere aurkikuntzetatik edo bizipenetatik sortzen delako. Ez hori bakarrik. Taldean behar bereziko ikasle bat izanda, ingurukoek anitzez gehiago ikasiko lukete zer den aniztasuna eta jendarte berdinzale batean murgilduko ginateke. Oraingoz, berdintasun hori lortzetik urruti gaude, baina bidea egiten ari gara.

 

12 urte behar bereziko ikasleekin lanean

Hondarribian (Gipuzkoa) sortua da Kattalin Ezkerra Sobrino, 1985ean, baina erroak Baztanen finkatuak ditu, «Hondarribian sortutako baztandarra» sentitzeraino. Ttikitatik izan du lotura Baztanekin, «ama, amatxi...» elizondoarrak izaki, haurra zenetik ibili baita hor: «haurretatik Elizondon izan dut kuadrilla». Gaur egun Elizondo aukeratu du bizileku eta «Baztango saltsetan erabat sartua» dagoela dio.

Lanbidez hezitzailea da. Oinarrizko ikasketak eta Batxilergoa sorterrian egin ondotik, Zientzia Politikoak ikastea izan zen bere hasmentako erabakia eta helburu horrekin joan zen Bilbora. «Urtebete probatu» ondotik, ordea, utzi eta «eraldaketa sozialari lotuta» zerbait ikastearen aldeko apustua egin zuen: «Gizarte Integrazioa ikastea erabaki nuen». Zer ikasi «batere argi ez» zuen arren, bi urteko Goi Mailako Zikloa egin zuen. Ikasketak akitu orduko Zallako (Bizkaia) eskola batean hezitzaile gisa aritzeko aukera sortu zitzaion, eta halaxe eman zuen pausoa, «lanpostua zer zen ongi ezagutu gabe». Kontatu digunez, ikasten ari zenean, «kolektiborik gustukoenak kartzela eta etorkinak» zituen, eta behar bereziak dituzten ikasleengana «bilatu gabe» ailegatu omen zen. Hasi bazen hasi, 12 urte pasatu dira hezkuntza publikoan hezitzaile gisa ari denetik eta ez da damutu: «behin bertan egonda, gustuko nuela konturatu nintzen, eta nire izaerarekin eta gaitasunekin bat zetorrela».

Kattalin Ezkerrak Gizarte inklusioa ikasi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun