Lekarozko institutuko Ruben Salinas ikasleak Lanbide Heziketako aparteko saria lortu du

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 5a, 14:00

Saritutako ikasleak Hezkuntza Departamentuko ordezkariekin. Ezkerretik hasita bigarrena da Lekarozko institutuko Ruben Salinas.

Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoak eta Diseinuko aparteko sariak banatu ditu Nafarroako Gobernuak otsailarenn 3an

Nafarroako Oinarrizko, Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako 28 ikaslek LH eta Arte Plastikoak eta Diseinuko 2018-2019 aparteko Sariak jaso dituzte. Garaikurrak urterko banatzen ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. Saridunen artean dago Ruben Salinas Aguerri, Lekarozko institutuko erdi mailako zikloko ikaslea (ezkerretik hasita bigarrena). Zehazki, Natur ingurunean gorputz eta kirol jarduerak gidatzeko teknikari ikasketetan, bere espediente onarengatik saritu dute.

Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan otsailaren 3an egindako ekitaldian, Tomás Rodríguez Garraza, Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako zuzendari orokorrak aipatu duenez LHko edo Arte Plastikoak eta Diseinuko aparteko saria jaso duten Goi Mailako ikasleek Estatuko Sariak eskuratzeko deialdian parte hartu dezakete. Rodríguez Garraza saritutako ikasleei (14 neska eta 14 mutil) zuzendu zaie, «egindako esfortzu eta lortutako emaitzen ondorioa da saria, ikasketak arrakastaz amaitzea lortu duzue». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun