Laxoa elkarteko pilotariak Euskal Herriko paxaka txapelketako finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko ots. 5a, 12:00

Urruñako Ourkia eta Usarralde, 2018ko finalean Azkainen. Txapeldun suertatu ziren orduan. Aurten, Alunda eta Urtasun baztandarrak izanen dituzte arerio.

Aritz Alunda arraioztarra eta Gorka Urtasun iruritarra, Urruñako Ourkia eta Usarralderen kontra ariko dira igandean Zuraiden

 

Baztan Errekako Paxaka txapelketa abenduan bukatuta, Laxoa Elkarteko bi talde Euskal Herriko Paxaka txapelketan parte hartzen ari dira. Laxoa Elkarteak antolatzen duena ezker paretako pilotalekuan hirunaka jokatzen bada, Euskal Herrikoa binaka trinketetan jokatzen da, gehienbat Iparraldekoetan. Laxoa Elkarteko bi taldeek etxeko partidak Elizondoko Antxitonea trinketean hain zuzen.

Erratzuko Manu Irigoien eta Iruritako Egoitz Prim (Elizondoko Juan Mari Maia ere aritu da) bigarren mailan aritu dira. Lehenbiziko fasea erraz gainditu ondoren, final laurdenetan Senpereko S. Etcheverry eta P. Benjamin bikotearen kontra 9 eta 13 jokoz galdu zuten.

Aritz Alunda arraioztarra eta Gorka Urtasun iruritarra, berriz, lehenbiziko mailako finaleko txartela eskuratu dute joan den igandean Azkaineko trinketean finalerdiko partidan Senpereko Iciaga anaien kontra 13 eta 10 irabazi ondotik.

Finalak datorren igandean, otsailak 9, Zuraideko trinketean jokatuko dira. Bigarren mailakoa 09:00etan hasiko da eta lehen mailakoa, Laxoa Elkarteko Alunda eta Urtasunek jokatuko dutena, 10:30ean. Beraien aurkariak, Urruñako Cristian Ourkia eta Olivier Usarralde izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun