Zahar Etxeko proiektua borobiltzeko besta egin dute Elizondon ilbeltzaren 31n

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 4a, 12:00
Proiektuan parte hartu duten Elizondoko Lanbide Eskolako ikasle eta irakasleak eta Zahar Etxeko bizilagunak, ortziraleko ekitaldian. Argazkia: Alvaro Garde

Lanbide Eskolako ikasleek eta Zahar Etxeko bizilagunek elkarlanean garatu dute egitasmoa eta Tomas Belzunegiri omenaldi xume bat eskaini zioten ortziraleko ekitaldian

 

Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleek eta Francisco Joakin Iriarte egoitzako aitatxi eta amatxiek besta ospatu zuten ilbeltzaren 31n, azken hilabeteetan elkarrekin egindako Ikaskuntza Zerbitzu Solidarioko Proiektua borobiltzeko.

Proiektu honen bidez gure ikastetxeko gazteek gauza anitz ikasteko aukera izan dute (matematikak, hizkuntza, zientziak…) baina ikaskuntzarik garrantzitsuena esperientzia bera izan da. Adinekoen egunerokotasuna zein den ikusteko aukera izan dute. «Pertsona heldu batek zein behar dituen ikusi eta behar horiek nola ase ditzaketen bizitzeko parada izan dute. Modu honetan bizitzarako ezinbertzekoak ditugun hainbat zeharkako konpetentzia landu dira. Hala nola, talde lana, konpetentzia soziala edota sormenerako konpetentzia», dio Zahar Etxeko proiektuko lantaldeak.

Egoitzako adinekoentzat ere esperientzia aberasgarria eta ahaztezina izan da. Egun hauetan guztietan euren bakardadetik atera eta gazteekin euren bizipenak partekatzeko aukera izan baitute. «Xaharrekin elkartu izan garen guztietan irribarreak izan dira nagusi, aunitz gozatzen ari zirela adierazi», diote.

Esperientzia hau opari bat izan da guztientzat: «Xaharrentzat, tristurak eta bakardadea alde batera utzita, alaitasuna eta irribarreak izan dituztelako bidelagun. Ikasleentzat, esperientzia eta bizipen ugari entzuteko aukera izan dutelako eta nolabait etorkizunerako oso lagungarriak izan ditzaketen aholkuak entzun dituztelako. Eta irakasleentzat, irakaskuntza lana gisa honetako proiektuak solidarioak aitzinera eramanez aunitzez aberatsagoa dela ikusteko».

Ortziraleko bestan, omenaldi xuma bat ere eskaini zioten Tomas Belzunegi elizondarrari, bere izena daraman lehiaketan bere idatzi bat saritua izan baita, eta ikasleek testu hori irakurri zuten, aitortza gisa.

Zahar Etxeko proiektuko lantaldeak dioenez, «oraingoan, hasitako bide honen kapitulu baten bukaera dator. Bizitakoaren inguruan hausnartu, proposamen berriak entzun eta etorkizunaz pentsatzen hasteko garaia dugu».

Hala ere eskerrak emateko ere aprobetxatu nahi dute: «Eskerrak eman lehenik eta behin egoitzako xahar, langile eta zuzendaritzari gu hain ongi hartzeagatik. Eta nola ez, eskerrak gure ikasleei ere haien hoberena emateagatik eta eurekin egondako xaharrei egunerokotasuna hautsi eta momentu goxo eta politak oparitzeagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun