Ortziralean Begoña del Teso zine kritikariak solasaldia eskaini zuen. Elizondoko Arizkuneneako sabaia lepo bete zen.
Larunbateko mahai inguruak ere jakin-min handia piztu zuen. 90 lagun pasa bildu ziren Erratzuko elkartean mundua Iturendik pasatu zelarik zer gertatu zen jakin nahian. Bazkalondon, Josu Barambones (H)ilbeltza bekan Patricia Highsmith itzuli duena eta Alfontso Gartziandia Itsu kolpeka liburuaren egilearen jakintzez gozatzeko aukera izan zuten.
Aste Beltza borobiltzeko, itzuli beltza eta poesia errezitaldia izan zituzten. Amaiurren egin zuten itzulian jende anitz bildu zen kontrabandisten eleak aditzeko eta iluntzean Arizkunenean poesia errezitaldia izan zuten. (H)ilbeltzakideek, Oiher, Nahia eta Kattalin musikariek eta Jon Alonso idazleak parte hartu zuten.