Eraikin publikoetan egindako pintadak ezabatzeko zerrenda bat eginen duela adierazi du Baztango Geroa Baik

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 25a, 09:00
Herritarrei pintaden berri emateko dei egin die Geroa Baik.

Koalizioak aurrea hartu du, gaia udal batzarrean landu eta «alkateak pintada horien berri ez zuela ziurtatu» ondotik

Azken asteetan Baztango eraikin publikoetan eta «bereziki Elizondon» egin diren pintaden zerrenda bat eginen du Baztango Geroa Bairen udal taldeak, «Udalak horiek garbitu ditzan».

Adierazi dutenez, «urtarrilaren 8 eta 9an pintada ugari agertu ziren Arizkurenenea Kultura Etxeko eraikinaren atzeko aldean, hurrengo egunean kendu zirelarik». Hala ere, pintada «andana» daude oraindik udal eraikinetan.

Koalizioak gai hau pasa den otsailaren 23ko osoko bilkuran azaldu ondotik «eta alkateak horren jakinaren gainean ez zegoela adierazita», Baztango Geroa Baik «aurrea hartzea» erabaki du, kaltetutako elementuen zerrenda bat egin eta «garbitzeko» helburuz.

Horregatik guztiagatik, «pintadak antzematen dituzten herritarrak horien berri ematera» animatu ditu, «Udalak horiek garbitzeari ekin diezaion».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun