Baztango Udalak hondakin teknikaria kontratatzeko deialdia egin du

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 23a, 18:00
Teknikariaren egitekoak ingurumen-inpaktuak identifikatzea, kostuen analisia egitea, hondakinak berreskuratzeko errekurtsoak bilatzea eta balioztatzea... izanen dira.

Deialdian parte hartzeko eskaerak otsailaren 24a arte aurkez daitezke

Udalak Baztango hondakin solidoak kudeatzeko teknikari bat kontratatzeko deialdia egin du, oposizio-lehiaketa bidez eta behin-betiko kontratuarekin. Izengaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, Espainiako nazionalitatea izan eta hamasei urteak beteak behar dituzte. Era berean, diplomatura edo gradua eduki eta B1 gida-baimena, euskara ezagutza C1 maila eta gaitasun fisiko eta psikikoa beharko dute.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Baztango udal erregistroan aurkeztu beharko dira, otsailaren 24a baino lehen. Epea akituta, izengai onartu eta baztertuen zerrenda onetsi eta iragarki-taulan eta www.baztan.eus atarian argitaratuko dute. Erreklamazioak eta zuzenketak egiteko bortz eguneko epea izanen dute.  

Onartu eta baztertuen behin-betiko zerrenda argitaratzearekin batera probaren egun, ordu eta tokia zehaztuko dituzte. Oposizioaldiak bi ariketa izanen ditu: test motako galderak (40 puntu) eta ariketa praktikoak (30 puntu).

Oinarriak
Urteko lansari gordina administrazio publikoen zerbitzuko langileen B  mailari dagokiona izanen da eta lanaldi osoko postua eskaini dute. Ordutegia zerbitzuko beharretara egokitua izanen da. 

Eginkizunak
Teknikariaren egitekoak ingurumen-inpaktuak identifikatzea, kostuen analisia egitea (hondakinen sailkapen eta karakterizazioa eginez), hondakinak berreskuratzeko errekurtsoak bilatzea eta balioztatzea, hiri hondakin motak ezagutzea, birziklatzeko aukerak bilatzea... izanen dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun