Baztango udalak ordezko ofizial administrari bat kontratatzeko prozedura publikoa abiatu du

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 22a, 20:00
Administrari-ofizialen lanpostuetan gertatzen diren bajak bete nahi ditu Balleko Etxeak.

Baztango Udalak lan poltsa bat erabiliko du administrari-ofizialen lanpostuetan gertatzen diren bajak ordezko langileekin betetzeko. Helburu hori lortzeko, oposizio-lehiaketa eginen du. Xehetasunak atzo jakinarazi ziren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Horiek horrela, orain hamabost eguneko epea ireki da deialdian interesa dutenek izena eman dezaten eskabideak aurkeztuz.

Baztango Udalak bere egitura osatzen duten departamentuetan gertatzen diren administrazio langileen «beharrak asetzea» proposatzen du. Hautapen horretatik sortzen den zerrenda hurrengo kontratazio eta ordezkapenetarako erabiliko da, eta indarra izanen du bertze deialdi bat onetsi arte. Lortutako kalifikazioak erabakiko du lanpostu huts bat betetzeko erantzun hurrenkera.

Udalak aldez aurretik ohartarazi du, bertze oposizio bat egonez gero, «zerrenda berrienetako izangaiek lehentasuna izanen dutela zaharrenen aldean».

Deialdi berria zabalik dago 16 urtetik goitiko izangaientzat, Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea badute, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan badaude. Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da. Betebeharren artean, Nafarroako bi hizkuntza ofizialak jakitea dago. Euskararen kasuan, C1 tituluaren bidez egiaztatuko da (EGA edo baliokidea) edo eskatutako ezagutza betetzen dela erakusteko eginen den proba gainditu beharko du hautagaiak.

Hautapen probak kontuan hartuko du Nafarroako toki entitate batean egindako zerbitzuetan metatutako esperientzia. Halaber, puntuatuko du informatikako ikastaroak edo deialdiko lanpostuarekin zerikusia dutenak egin izana. Proba teoriko-praktiko bat ere eginen da, galdetegi bati erantzuteko. Joseba Otondo alkatea izanen da epaimahaiko burua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun