Euripean ospatu dute San Anton eguna Elizondon

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 20a, 12:00

Zahar Etxearen aldeko zozketa ere egin dute, baztan-zopak dastatu eta bertsoak aditu eta gero

San Anton Eguna ospatu zuten Elizondon urtarrilaren 17an, euripean. Ortzirale goizean zopak banatu zituzte, eguerdian bertsolariak aritu ziren  kantari eta Zozketa egin zuten Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxearen alde.

Beti bezala, Balleko Etxeko balkoian egin zen zozketa. Zozketa hau gutienez 1867. urtetik egiten da Elizondon eta garai batean behi izaten zen sari nagusia. Gaur egun, aretxea izaten da lehen saria, zerri eder bat bigarren saria, bi bildots hirugarren saria eta urdaiazpikoa laugarrena. Baztan Ikastolako Julen Aldako, Eñaut Oteiza, Elorri Ruiz de Larrinaga eta Eiara Arregi izan ziren aurten zenbaki saridunak osatzeko bolak atera zituztenak.

Lehenbiziko saria, aretxea, 5.214 zenbakiari egokitu zitzaion (Banco Santanderren saldua); bigarren saria, zerria, 3.702 zenbakiari egokitu zitzaion (Elizondoko Albaitaritzan saldua); hirugarren saria, bi bildots, 5.561 zenbakiari egokitu zitzaion (Oronozko Patricia Mariñelarenaren farmazian saldua) eta laugarren saria, urdaiazpikoa, 7.343 zenbakiari (Elizondoko Zahar Etxean bertan saldua). Sariduneak, Zahar Etxearekin harremanean jarri beharko dute datozen egunetan

Zozketa baino lehen, Baztango alkate eta zinegotziek zerbitzatutako baztan-zopak dastatzeko eta Xabier Silveiraren eta Aitor Larretaren bertsoak aditzeko aukera izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun